Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
niretzat / nire ustez
Zenbaitek, inguruko hizkuntzen eraginez, antza, “nire ustez” erabili beharrean niretzat erabiltzeko joera dauka. Esan beharra dago niretzat adizlaguna norentzat? galderari erantzuteko erabili behar dela, ez iritzi-adberbio gisa. Hona hemen zenbait adibide:
Niretzat, oso polita da. Nire ustez, oso polita da
Zuretzat, zein da hobea? Zure iritziz, zein da hobea?
Guretzat, arrazoia dauka. Gure ustez, arrazoia dauka
Batzuetan zalantza sortzen da duten parekotasunaz, baina esan behar da idazle on asko direla baliokidetzat erabili dituztenak.
“Egin zuen gauzarik onena, niretzat, valentzierazko ipuinak” (K. Mitxelena).
“Erretratugilea, niretzat, ofizialea da, artista baino gehiago”. [EH]
Artikulua
Nik uste dut
Zientzialariak eta zientzia aipatu izan dira askotan pandemia garaiotan. Zientzialariengan ipini dugu konfiantza, gainerakoengan ezin zen jarri eta. Politikari edo iritzi-emaile bati «nik uste dut» entzutean, barre-murritxak ihes egiten zigun, bagenekielako haren usteak eta gureak berdintsu balio zuela. Hutsaren hurrena.
Halere, zientziekiko ikuspegi aski murriztailea nagusitu zaigulakoan nago. Medikuez, biologoez, birologoez, txertoa asmatzen aritu zirenez… asko hitz egin dugu. Bestelako zientziez, gutxi. Soziologia, psikologia, matematikak… Zifrak, datuak, ehuneko hainbestekoak, nahi adina izan ditugu. Baina ezin izan dugu deszifratu non-noiz-zergatik jo duen erasoa birusak. «Normala Beasain eta Arrasate gorrian sarri egotea, enpresa handiak han daude eta!», esango zizun nik uste dut batek. Beste nik uste dut batek, berriz, «Errege Kopako finalaren ondorioa da hau. Bizkaian eta Gipuzkoan izugarri igo dira datuak, eta Araban eta Nafarroan askoz ere gutxiago». Turismo zinegotziak, berriz, goia joko zuen: «Nik uste dut kostaldean izan dugun gorakadak ez duela zerikusirik Aste Santuan itxiera perimetrala laxatu izanarekin».
Zientziaren batzuek denbora behar dute datuak interpretatzeko. Eta tarte hori baliatzen dugu nik uste dut-ok.