Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Pasartea
Eskolan esplikatu ziguten handik aurrera edozein momentutan, gauez nahiz egun argiz, entzun genezakeela jainkoaren ahotsa guri deika, zatoz nirekin, esango zuen jainkoak eta guk obeditu egin behar genuen ahots hori, halabeharrez. Urtetan, lo hartu aurreko otoitzei erregu bat gehitzen nien, mesedez, ez nezala jainkoak gau hartan deitu.
Esplikatu ziguten ere, badaezpadan, gauean lotan geunden bitartean hiltzen baginen, beraz, geure burua prestatu gabe hiltzen baginen, komenigarria zela lo hartu aurretik ahoskatutako azken hitza saindua izatea, Jesus, jainkoa, amabirjina edo antzeko zerbait. Lo hartu aurretik beti esaten nuen Jesus eta hitz saindu hori ahoskatu ondoren berriro berriketan hasten baginen, beste behin Jesus esaten nuen, behar adina aldiz. Urte askotan ze, hitz saindua premiazkoa ez zela jakin ondoren ere, pentsatzen bainuen justu azken hitz hori ahoskatuko ez nuen lehen gauean hil nintekeela(…).”