Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Musikaz gozatzeko ezgaitasuna: anhedonia musikala
Musika entzutea, piezaren, unearen eta entzulearen arabera, izan daiteke hunkigarria, dantzagarria, gozagarria, mingarria, iradokitzailea… Gutxi batzuentzat, ordea, ez da ezer; ez die ezer eragiten. Ez sentipenik, ez emoziorik, ez erantzun neurologiko zein fisiologikorik: anhedonia musikala dute. Berezitasun horren oinarriak eta ondorioak ikertu dituzte, besteak beste, Noelia Martínez-Molina neurozientzialariak eta María García-Rodríguez musika-terapeutak.
(…) Plazeraren giltza
Ildo horretatik, galdera honi erantzuten ere saiatu dira: zein da plazeraren giltza musika entzutean? Martínez-Molinaren esanean, aurreikuspenekin du zerikusia. “Nota-segida bat entzuten ari garenean, oharkabean, gure garunak hurrengo nota zein den kalkulatzen du. Asmatzean, sari-sistema aktibatzen da, eta plazera sentitzen dugu. Baina, beti asmatzen badugu, aspertu egiten gara. Horregatik, are plazer handiagoa ematen digu tarteka ez badugu asmatzen eta harritzen bagaitu. Hori bai, harridurak neurrikoa izan behar du. Oreka horretan dago koska, eta alde handia dago pertsonatik pertsonara, norberaren kulturaren eta ezagutza musikalaren arabera”.
Anhedonia musikala dutenen garunak ez du halako kalkulurik egiten. Martínez-Molinak, gainera, ohartarazi du berezitasun horrek ondorioak izan ditzakeela ikuspegi klinikotik: “Gero eta asaldura gehiagotan erabiltzen da musika-terapia, tratamendu gisa. Baina aurrez ez da begiratzen pazienteak anhedonia musikala ote duen ala ez. Beraz, baliteke anhedonia musikala duen pertsona bat musika-terapia egitera bideratzea; kasu horretan, tratamendua ez da eraginkorra izango, eta beste era batera tratatzeko aukera galtzen da”.
Elhuyar Zientzia