Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
“Gaztelaniaz errazago irakurtzen dut euskaraz baino”
Nire belaunaldiko hiztun peto batek hori esatea ez da harritzeko; kontrakoa gertatzen da salbuespen. Txundigarriagoa egiten zait bere bizitza akademiko guztia euskaraz egin duen bati hori bera entzutea.
Hasita nago, ordea, hori ere ulertzen. Ez naiz eskolaren ardura -eta kulpa- arintzearen aldekoa, baina uste dut auziak zehaztasun pixka bat behar duela. Mekanismo bat da ororen gainetik irakurketa, letrak letrarekin juntatzeko abileziak bereizten ditu irakurle azkarra eta motela. Begien mugimenduak, begiradaren ezker-eskuineko eta goitik beherako jarduna automatismo baten ondorio dira. Automatismoak lortzeko, ordea, ohitura behar da. Jarduna. Gogoratzen irakurri beharreko lerroa finkatzeko nola irristatzen genuen gure hatzetako bat lerroaren azpitik? Gogoratzen irakasleek nola debekatzen ziguten hatzaren laguntza, hatz-puntzak egurrezko erregela batekin joz? Gogoratzen nola ohitu zitzaizkigun begiak?
Euskaraz egin naiz idazle, baina gaztelaniaz egin nintzen irakurle, eta
euskararen hautamena egin nuen arte -nire formazioaren urte erabakigarrienetan, gaztelania izan nuren nire irakurketen hizkuntza. Urte asko igaro dira ordutik, euskalduna da nire bizi eremua, idatzi dudan guztiz gehiena euskaraz izan da; irakurri dudan parte dezente bat ere, gauza bera. Baina errepara diezaiodan nire irakurketen mekanikari: begi-mugimenduen nondik-norakoek, erreflexu mentalek, perpausen antolamenduak eragindako errutina espazialek hobeto funtzionatzen didate oraindik ere gaztelaniaz euskaraz baino.
Zergatik, ordea?
Letrak letrekin juntatzeko abilezia garatzea eta horren bidez lortutako emaitza ulermenarenarekin lotzea, horra prozesu beraren bi momentu desberdin. Begiekin ekiten diogu irakurketari: batetik bestera mugitzen ditugu orain, begirada-kolpeak ematen ditugu gero. Mugimendu eta kolpeok ez dira beti berdinak, letra -eta hitz-multzoen araberakoak baizik, aldian azkarrak, aldian geldiagoak; batzuetan hitz-multzo luze samarrak hartzen dituzte, bestetzuetan hitz-multzo laburragoak. Baina hizkuntza bateko eta besteko letra eta hitz-multzoak ez baitira berdinak, begiek ere ez dute berdin funtzionatzen euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez.
Koska da -eta tragedia- gurea bezalako egoera diglosiko batean automatismoa beti dagoela gaztelaniaren alde, uneoro irakurtzen dugun guztiz gehiena gaztelaniaz baitago (ez naiz ari, jakina, eskola-liburuez baino ez).
Oso mekanismo sotil eta ia ikusezinen arrosario luzea dago irakurtzea bezalako ekintza itxuraz xume baten atzean, eta mekanismo sotil horiek automatizatuko badira, ez naiz aditua baina senak esaten dit ez dagoela beste biderik: euskararen erraien ezagutza behar du irakurketa-mekanismoen irakaskuntzak; euskararen didaktikak eta metodologiak euskararen beraren erraietan euskarritu behar dituzte erroak, ez beste hizkuntza bateko metodologien kopia hutsean.
Anjel Lertxundi