Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Pasartea
Txikitatik, irakiten egoteko sentsazioa izan dut beti. Langosta bat bezala sentitzen naiz, existentziaren eltze gori-gorira nahita bota dutena. Egunero galdetzen diot nire buruari noiz egongo ote naizen kozinatuta, noiz jarri ahalko naizen hozten. Uste nuen sokasaltoan aritzen ikasten nuen momentuan hasiko zela haize leuna, baina zain nago oraindik. Ikasi nuen sokasaltoan, ikasi nuen hizkuntza, oporrak aprobetxatu nituen goizaldera arte liburuak irakurtzeko, mota guztietako azterketak gainditu nituen, nota ona atera nuen.
Selektibitatean akademia baten laguntzarik gabe, kalera irten nintzen makillatuta, takoiekin eta parpaildun ligeroekin eta etxera itzuli nintzen oztopo-uholdeei eta munstroei iskin eginez rimela zikindu gabe, iztarteak depilatu nituen, hanka osoak, besapeak, bibotea dekoloratu nuen, komuna garbitu nuen berrehun mila aldiz, espagetiak egin nituen eta masusta-marmelada ere bai, aurpegi onez irentsi nuen semen lodi eta mingotsa, gogoratu nintzen beti eramateaz azazkal-moztekoa, desinfektatzeko likidoa, mukizapiak eta lentillen zorroa leku guztietara, etxetik irten aurretik gasa itzaltzeaz, txakurra ateratzeaz egunsentian eta abuztuko eguzkipean, arropa garaiz esekitzeaz hezetasun-usaina har ez zezan, amari gustatzen zitzaion kafea erosteaz ez nuelako nahi bere goizak are zailagoak izan zitezenik.
Zenbat falta da. Noiz iristen da bizitzak erretzeari uzten dion puntua. Karrera bukatutakoan izango al da, lan duin bat aurkitutakoan? Gero eta gehiago erretzen du, inoiz baino gehiago erretzen du.
El evangelio
Elisa Victoria
Itzultzailea: Maria Oses