20220308 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: Zenbait aditzen erregimena (I)/Ines Osinaga/Neomak


Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarrizketa

Ines Osinagak, June Fernandezek egindako elkarrizketa batean:

Instagramen idatzi duzu: “‘Hil ezazu aita’ entzunaz hazi gara eta ama guztiak besarkatzea erabaki dugu”.
Azken aldian, euskal kulturari buruz entzun dudan diskurtsoa da transmisioa eten egin dela, gazteek ez dakitela nor den Mikel Laboa. Agian ez dago gaizki, agian aukera bat da, agian haria eten behar da. Eztabaidatu behar dugu nork duen lekua euskal kulturan, nork ez eta zergatik. Noren ahotsa heldu den nora. Zergatik Mikel Laboaren irrintziak baloratzen diren eta Mauriziak txarto kantatzen duen.

Nor da Maurizia?
Maurizia señora zoragarri bat da, plazandreon ama eta amama. Sinbolo gisa aldarrikatzen dugu, ia ikono pop gisa, hashtag eta guzti. Bada izateko modu bat. Galdetzen omen zioten: “Zergatik esaten duzu etengabe ‘Aupa Maurizia!’ kopletan?” Eta hark erantzun: “Beitu, nik bi gizon dauzkat ondoan. Batek alboka jotzen du eta ahoa okupatua dauka; besteak soinua jotzen du baina hitz-totela da. Ez badut esaten, nork aupatuko nau ni?” “Aupa Maurizia!” aldarri feminista da.

Proiektu kolektibo bilakatu da: “Mauriziak ez dau inor hil”.
Bai. Leire Palaciosi ikusi nion poltsa bat, “Deabruak ez dau inor hil”, eta aldarri hori otu zitzaidan. Olatz Salvador, Lorea Argarate eta Itziar Soraluzerekin nabil, baina andra desberdinak batzen gabiltza, Maurizia desberdinak plazaratzeko. Uxuek sarrera-testu bat idatzi zuen, arkitekto baten ikerketa batean oinarritua, Espainiako Estatuan erailketa matxistak non ematen ziren zerrendatzen dituena. Beldurgarria da: etxean, senarrak, etxean, senarrak. Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek ere koplak egin dizkigute. Chavela Vargasen doinu bat hartu dugu kopletan egiteko. Arin-arina perreo bihurtzen dugu. Beno, etorri ikustera!

Wikipediara itzuliko naiz. Lourdes Iriondoren biografiaren hasieran jartzen du…
… ez esan! “Xabier Leteren emaztea da”.

Bai! Eta Xabier Leteren orrialdera jotzen badugu…
… “artista konsagratua da”.

Ez du aipatzen noren senarra zen.
Tontakeria bat dirudi, baina ez da. Euskal kulturaren genealogia plazagizonena da; gauza totxoak esan zituzten poeta horiena, haien artean elkartzen zirenak, Zumetak azal ezin ederrago bat egiten zien… Ez diot edertasunari uko egiten, baina kanona da! Eta Mauriziak kanonari egiten dio: tururu! Ohartzen naiz 40 urterekin eta 25 urteko plazandre ibilbidearekin esan ditzakedala horrelakoak.

Osorik irakurri, Pikara magazine

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude