Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Mi puta novia
(…) Maitasun harremanak ez daude eboluzio horretatik kanpo. Adin kontua izan liteke. Antzina, maiteminduek bizi artean maitatzen zuten elkar —edo bizi artean elkar maitatzera behartuak ziren, edo horren plantak egiten zituzten—. Egun bestelakoa da kontua: gaur eguerdian oraindik maite zaitut. Gauerdian maitatuko ote zaitudan… Behin-behinekotasun emozionala nagusitu da, eta harremanak ez ei dira harremanak. Bazara, baina ez zara. Hor zaude, baina ez zaude.
Egoera berezi horri situationship deitzen diote —situation eta relationship hitzen arteko nahasketa—. Erlazio hori zehaztugabea da. Eta hala behar du, antza. Le Monde egunkariak duela gutxi argitaratutako artikuluan ageri denez, gero eta gazte gehiago bizi dira eremu lainotsu horretan. Konpromiso hitza beldurgarria, lazgarria dela esan dio horietako batek hedabideari. Kontuz, baina! Zer gertatzen da bikotea ez den bikoteko kide batek benetan bikotea osatu nahi duenean ondoan duen pertsonarekin? Komunikaziorik ez badago, situationship-a toxiko eta mingarri bihur daiteke, adituen iritziz. Trauma emozional bat opari kutxa batean bildua (…)