Cecilia Cenoz, bidelaria: “Euskara aitonaren hizkuntza zen, eta haren hizkuntza ezagutzea eta erabiltzea nire omenaldi txikia da”

Cecilia Cenoz Tandilen jaio zen (Argentinako Buenos Aires probintzian), duela 47 urte. Sistema-ingeniaria da, eta informatika-enpresa batean egiten du lan. Bere aitona Nafarroako herri batekoa zen, eta hari omenalditxo bat egiteko asmoarekin hasi zen euskara ikasten. “Aitonak euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten zuen, baina, Argentinara etorri zenean, euskara ez erabiltzea gomendatu zion jendeak; horregatik, nire aitak ez zuen euskararik ikasi. Oso harro nago euskalduna izateaz”, azaldu du.

Duela hamabi urte hasi zen euskara ikasten: aurrena, bere herriko Euskal Etxean; gero, Argentinan Euskaraz programan; eta, jarraian, Internet bidez lau urteko kurtsoa egin zuen. Ondoren, Euskal Herrira etorri, eta Maizpide euskaltegian (Lazkao) sei hilabete eman zituen. Hainbeste esfortzu eta gero, 2008an HABEko 2. profila atera zuen, eta Tandilgo Euskal Etxean eskolak ematen ibili da.

“Oso interesgarria da Mintzanet proiektua. Horrelako webgune batzuk ezagutzen nituen, beste hizkuntza batzuk lantzeko, baina euskaldunentzat ez zegoen ezer. Mintzanet ezagutu nuenean, berehala apuntatu nintzen, Argentinan ez daukadalako aukera handirik euskaraz hitz egiteko”, azaldu du Ceciliak.

Bere asmoa bidelaria izatea zela aitortu digu. “Bidelagun izaten ausartuko nintzen galdetu zidaten, eta baietz esan nuen”. Lourdes Erquicia da bere bikotekidea, eta harreman polita sortu da bien artean. “Berarekin hitz egitea oso baliagarria da niretzat, eta berari laguntzeak poz handia ematen dit. Euskara asko maite dut, eta uste dut horrela ez dudala ikasitakoa galduko. Gainera, iaz Lourdesek 1.A mailako azterketa gainditu zuen, eta biok asko poztu ginen”, esan du Ceciliak.

Euskal musika asko gustatzen zaio, eta irratian eta Interneten aurkitzen dituen euskal abestiak entzuten ditu. “Txikitan, euskal dantza ikasi nahi nuen, baina ez nintzen inoiz horretan jarri. Euskal kulturarekin lotuta dagoen guztia gustatzen zait. Ahal dudan neurrian, euskara erabiltzen dut: idaztean, irakurtzean, entzutean eta hitz egitean. Adibidez, Facebook, Firefox eta Outlook euskaraz erabiltzen ditut. Aitonaren hizkuntza zen, eta haren hizkuntza ezagutzea eta erabiltzea nire omenaldi txikia da”, azpimarratu du.

Ceciliak biziki gomendatzen du Mintzanet, “aukera zoragarria delako euskarari eusteko”. Eta zera gaineratu du: “Gaur egun, komunikabide asko daude, eta, Internet bidez, dena da posible. Horrelako ekimenak oso baliagarriak dira munduan zehar gauden euskaldunontzat”.

You Might Also Like

One thought on “Cecilia Cenoz, bidelaria: “Euskara aitonaren hizkuntza zen, eta haren hizkuntza ezagutzea eta erabiltzea nire omenaldi txikia da”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude