2013an hasi ziren Anabel Jaureguiberry (Argentina), Andrea Bella (Uruguai), Laura Moreno (Uruguai), Christian Etxeberria (Txile), Begoña Tisera (Argentina), Alfredo Laborde (Argentina) eta Florencia Deniz (Argentina) Mintzaneteko lagunak Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan parte hartzen. Urte hauetako prestakuntzaren ostean, Euskal Herrian lehenengoz egin dute aurten ikastaro trinkoa, Lazkaoko Maizpide Barnetegian.
Mintzanet egitasmoa kudeatzen dugun kideok beraiekin izateko aukera izan dugu, eta erreportajetxo batean bildu ditugu guztien esperientziak. Oraingoan baina, beraien bizipenak banan banan ezagutzeko aukera duzue.
Christian Etxeberria amonak hezi zuen jaioterrian, baina hark bere abizena nondik zetorren ez zekiela esan digu, eta jakin-mina piztu zitzaiola: “Amona hil zenean abizenaren jatorriaren bila hasi nintzen eta euskalduna zela ezagutu nuen”. Orduan hasi zen euskara ikasten eta Mintzaneti esker gure hizkuntza hitz egin dezakeela aitortu digu: “Mintzanet aukera oso ona da euskara praktikatzeko, jarioa lortzeko”.