Elbari harrera-mintzanet

Elba Mocoroa argentinarrari harrera egin diote Mintzaneteko lagunek

Mintzanet egitasmoko zenbait kidek ongietorria eman diote Argentinako Cordoba hirian bizi den Elba Mocoroa bidelariari. Unibertsitate irakaslea da, eta Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarrean parte hartzeko asmoz etorri da Euskal Herrira. Joserra Onandia, Isabel Canales eta Yolanda Izarekin aurrez aurre elkartzeko aukera izan du Elbak, eta hain zuzen ere, Joserrak partekatu digu enkontruaren kronika:

“Gu laurok, beste lagun batzuekin batera, euskara online praktikatzen gabiltza Mintzanet egitasmoan. Astean birritan egiten ditugu saioak, adiskidetasun handia sortu da gure artean. Iragan asteburuan Algortan elkartu ginen, ilusio handiz.

Larunbatean,  eguerdiko ordu bata t’erdietan agertu zen Elba Gobela metro-geltokian, Isabelek lagunduta; Yolanda eta biok bertan ginen zain. Elkar agurtu ondoren, besarkada hunkigarriak eman genizkion elkarri, eta oinez, Ereaga hondartzarantz joan ginen. Pasaleku ikusgarria zela esan zigun Elbak, Arriluzeko hotel berria, Getxoko kirol-portua, Punta Begoña galeriak eta Neguri, Algorta eta Bilboko Portu Handia ikusi genituen.

Ostean, Tamarises jatetxean bazkaldu genuen; leku ederra eta bazkaria ona benetan, baina garrantzitsuena guretzat, giro atsegina izan genuen. Kafeak hartu bitartean liburu batzuk oparitu genizkion elkarri, zuzenpena eman eta gero, ibilaldi polit bat egin genuen. Algortako Portu Zaharrera heldu ginen, hango kale estuak ikusi, eta Etxetxuren aurrean dagoen enparantzan kafeak eta freskagarriak hartu genituen. Jose Luis Butron eskultorearen sardina-saltzailearen eskulturaren aurrean argazki batzuk atera genituen, baita ere, kaian, kaleetan eta enparantzan.

Arratsaldean, Gobela metro-geltokira bueltatu ginen, Elba eta Isabel Bilbora joan zitezen. Izan ere, Elbak autobusa hartu behar zuen Donostiara itzultzeko.

Elbari, Isabeli eta Yolandari eskerrak eman nahi dizkiet, egun zoragarria pasa genuelako. Baita Mintzaneteko lagunei ere, batez ere Ritxi Lizartzari, Mintzaneteko sortzaileari, programak asko laguntzen baitu euskararen erabileran, euskaraz hitz egiteko egundoko laguntza delako”.

Bisitaren argazki galeria duzue jarraian ikusgai:

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude