Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Eskerrak etorri zareN = Eskerrak etorri zareLA
Bi egiturak dira zuzenak, eta biek esanahi bera dute; nahiz eta, zenbaiten ustez, bata bestea baino egokiagoa izan.
Izan ere, euskalkien arabera, -N atzizkiaren ordez, -NA, -NARI eta –LA erabiltzen dira. Beraz, lau aldaera ditugu:
- Eskerrak ondo dagoeN!
- Eskerrak ondo dagoeNA!
- Eskerrak ondo dagoeNARI!
- Eskerrak ondo dagoeLA!
Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan sarrera hau dator:
eskerrak: eskerrak zure laguntzari!; eskerrak ez dela etorri; eskerrak etorri ez den.
Artikulua
“When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas”
Ari da sortzen euskara berri bat, eta ari da bere bidea egiten. Gure altxor akademikoak (euskarak, argi geratu ez bada) ere balio du umorea egiteko, eta badu malgutasuna, beti kontrakoa pentsarazi diguten arren.
Duela gutxira arte ez gintuen konbentzitzen; kutsu zaharkitu bat zuten euskaraz erakusten zizkiguten irain eta espresioek. Orain beste gauza bat da: orain Instagramen dago. Eta funtzionatzen du.
Nire ustez, funtzionatzen du gertukoa delako, eta identifikatuta sentitzen garelako; barrea eragiteko ezinbestekoa da askotan. Instagramen ikusten baduzu Trumpi buruzko meme bat, grazia egin diezazuke hein batean, zein eta nolakoa den badakizulako, baina urrun geratuko zaizu ezinbestean. Aldiz, Instagramen agertzen bazaizu Otegiren erakargarritasunari buruzko meme bat, grazia egitekotan grazia handia egingo dizu, zure herrian egon zenean lagunak horixe bera komentatu zizulako edo zure ama berarekin maiteminduta dagoelako. Gauza bera hizkuntzarekin: ez da gauza bera azentu andaluziarraren ulertezintasunarekin jokatzen duen txiste bat edo “eskerrik” dioen jendea deabruarekin alderatzen duena. Baliteke andaluziarren bat ezagutzea, baina askoz probabilitate handiagoa dago okindegian norbaiti “eskerrik” esaten entzuteak zure barne sua pizteko. Umore absurdoak ere asko balio du: Gucci markako kamiseta bat pixka bat aldatu eta “Gipucci” idaztea nahikoa da niri barre algara bat ateratzeko. Txorrada bat da? Bai. Barregarria da? Oso. Eta ez hori bakarrik, perfektua da zure lagun gipucciari bidaltzeko, eta kode bat sortzeko: hortik aurrera, Gucci markako kamiseta bat ikusteak zure lagun gipuccia gogoraraziko dizu, eta irribarre bat aterako dizu. Gauza txikiak dira, baina lehen ez zegoen horrelakorik, edo behintzat, ez hain eskura.
Ez dago euskal friki bat izan beharrik gauza hain sinpleak ulertzeko, euskara hutsean egon eta euskal panoramari buruzkoak izan arren. “When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas” esaldi bat da, eta zentzua dauka. Onena? Instagrama duten euskal gazte gehienek ulertzen dute
Etxekoi ingeleseko “homie” hitzetik dator, gaztelerazko tío edo hermano baten antzekoa litzatekeena;
Homie hitza home-tik dator, etxekoa, gertuko laguna-edo. Euskaraz? Home etxe bada, homie etxekoi. Eta ulertzen da! Eta kontestuarengatik, txirula izan daiteke drogen efektuekin zerikusia duen edozer: mozkor, drogatuta egotea, drogazale bat izatea, kokainomano bat, edaria gustuko duena. Edozer. Kontestuak erabakitzen du, eta ikusleak ulertu. Gainera, euskaraz dakiten gazte gehienek badakite ingelesez ere. Beraz, irakurtzen dutenean “When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas” meme baten barruan, ulertzen dute, hizkuntza nahasketak grazia egiten die, harro sentitzen dira ulertu dutelako, eta nahasketa horrek barrea eragiten die. Instagramen dagoenez, erabakitzen dute beraien etxekoi fully txirulas-ari bidaltzea, eta umore-kate bat sortzen da. Txantxetan lehenengo eta edozein elkarrizketatan gero, etxekoi deitzen hasten zaizkie lagunei, eta atzo gaueko txiruladari buruz hitz egiten dute hurrengo egunean. Eta voilá!
Instagramen:
https://www.instagram.com/trapnaldo/
https://www.instagram.com/xolomogangstak/
https://www.instagram.com/sinchangang/
https://www.instagram.com/xilabask/?hl=hu
Maria Oses