Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Araugintza: euskalkiak nahastea
Galdera
Euskalki bat baino gehiagoko hitzak nahastea zilegi al da batasunean?
Engoitik alferrik da eta ez dut ezer galdetu gura. (oker)
Horrezkero alferrik da eta ez dut ezer itaundu gura. (zuzen)
Honezkero alferrik da eta ez dut ezer galdetu nahi. (zuzen)
Engoitik alferrik da eta ez dut deus galdetu nahi. (zuzen)
Apika, ur handiegitan sartu gara hemen; baina koherentzia testualak eta lexikalak ez ote dute euskalkiekin txukun antzean jokatzera behartzen?
EUSKALKIAK NAHASTEA. Koherentzia testualak eta lexikalak hala eskatzen duelakoan, behin baino gehiagotan eztabaidatu izan da egokia ote den euskalkiak nahastea. Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki horretaz, eta euskaltzaleen iritziak bereiz dabiltza. Batzuen iritziz, benetako batasuna hango eta hemengo hitzak eta egiturak nahasi erabiliz lortzen da. Beste batzuen ustez, ostera, hobe litzateke euskalkiak ez nahastea.
Neurrian eta testuinguruaren jabe izatean dago irtenbidea ziurrenez. Zentzuzkoa dirudi defendatzea, esaterako, mendebaldeko euskaran idatzitako testu batean, non, adibidez, barik, ostera, berba… agertzen baitira, ez dela egokia norat, bortz, izanen, heldu den urtean… eta gisakoak sartzea, eta alderantziz.