Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
EUSKARA ZUZENA, JATORRA eta EGOKIA Askotan entzun dugu ondo komunikatzeko euskara zuzena, jatorra eta egokia erabili behar dugula. Zaila da bereiztea noiz betetzen ditugun hiru ezaugarri horiek. Joxerra Garzia saiatu zen argitzen, duela urte batzuk, adibide hauek erabilita: “(…) 13-14 urteko neska-mutikoei honako ariketa jarri genien behin: “Gurasoen lana dela medio, beste herri batera joan behar izan duzu bizitzera. Apenas duzun lagunik. Egizu herriko aldizkarian argitaratzeko moduko iragarki bat, nor zaren azalduz, lagun eske. Labur, badakizu-eta egunkarietako iragarkiak garestiak izaten direla”. Hona erantzunetako batzuk, eta egindako balorazioa jarraian: a- Moises izena dut eta herri honetan berria naiz orain dela gutxi etorri behar izan dudalako. Nire laguna izan nahi baduzu, dei egin ezazu telefono honetara: (xxxxxxxxx). ZUZENA da. JATORRA ere bai, neurri batean. Baina ez da EGOKIA. Lortu nahi duen xederako ez du euskara eragingarria erabiltzen. Nolanahi ere, behar lituzkeen tresna gutxi batzuk emanda, jarriko litzateke ikasle hau hizkuntzaz gozatu eta hizkuntza gozagarri erabiltzeko moduan. b- Libe nahiz. Ile-horia eta enroyatua nahiz eta arratsaldetan batzuetan ez dut jakiten zer egiten kalean. Zu ere berdin bazara, jarri nirekin kontaktuan. (xxxxxxxxx). Ez da ZUZENA. Ez da noski, EGOKIA. Ezta JATORRA ere. Urruti dabil ikasle hau alde guztietatik. c- Mikel da nire izena. Bakarrik nago. Lagunak behar ditut. Zuk ere bai? Idatzi! Egizu nire buzoiak eztanda egitea!!!(xxxxxxxxx). ZUZENAren muga-mugan dago. Baina ez da JATORRA. Senaren eta usadioaren aurka doa. Erdarakada begi bistakoa da “egizu nire buzoiak eztanda egitea!” delako esaldi hori. Baina izan daiteke EGOKIA. Esan indarra du. Gainerako 200 ikasleetan inork ere erabili ez duen esamoldea da. Litekeena da batek baino gehiagok idaztea bere buzoira. Oso gutxirekin bihurtuko genuke ikasle hau euskara EGOKIAren jabe. d- Xabier nauk/naun. Surfa eta igeriketa gustatzen zaizkit. Deitu eta deputamadre pasatuko dugu. Nire telefonoa:(xxxxxxxxx). Ez da ZUZENA. Hika darabil hasieran, eta zuka gero, tresnak —kasu honetan hitanoaren erabilerak— huts egiten diolako. Baina EGOKIagoa da halere, den-dena zuka egin balu baino. Asmoa, antzeman egiten zaio. Hizkuntza adierazkorraren bila doa, nahiz horretarako erdararen beharra izan (euskarak huts egiten dio eginkizun horretan). Hitanoa horretarakoxe dela erakutsi behar zaio; ez dela paradigma hutsa. e- Zintzilik nago, txaparroak eguzkitan lehortzen bezala. Ez gero ni hola utzi! Deituko? Ez zara damutuko. Iker. Telefonoa: (xxxxxxxxx).. ZUZENA da. Eta EGOKIA ere bai. “Txaparroen” lokalismoa (gizonezkoen bainu jantziari hala esaten zaio Zarautz aldean) zilegi ez ezik komenigarri ere izan daiteke, herri-aldizkarirako baita iragarkia. Beste esparru bateko hedabide baterako balitz, ez litzateke hain EGOKI, ulermena zailduko bailuke. Jatortasunean kriki-kraka txiki bat egiten du belarrira “zintzilik nago” horrek. Eta beste muturrean, sintaxi ezin jatorragokoa da “ Ez gero ni hola utzi!”. Agian, DESEGOKI puntu bat izateraino, jatorraren jatorrez, hartzailea zein den kontuan harturik ez ulergarri ere izan baitaiteke.” |
(…) Nor bere minetik mintzo da (erabat humanoa bestalde), baina besterena kontutan hartzeko ia-jarrerarik gabe, entzuteko jarrerarik gabe. Minduraren balio diskurtsiboa ia absolutoa bihurtzeraino. Eta, ez diot min guztiak berdin direnik, hor ere izango baita hierarkiarik, baina mindurak ez du beti arrazoirik ematen zernahi eta zernola esateko; gure Gatazka (Gauza) pil-pilean zen garaietatik irakaspenik atera behar genuke. Bestetasunik gabe, komunitate kritiko kohesionatu bat zailago begitatzen zait, bestetasunik gabe bandoak eta tribuak bai elkarri ostiaka, baina gizarte /jendarte bat eraldatzeko baino gehiago hura suntsitzeko arriskuarekin.
Nork bere minak eta besteren pribilegioak errazago atzematen ditu, ezen eta ez nork besteren minak eta norbere pribilegioak. Ariketa eta adiketa konstantea eta nekeza eskatzen du horrek, eta bestetasunari aukeratxo bat ematea. Juan Luis Zabalak esan duen modura, dena politika da bai, baina politika ez da dena; bestetasuna, bestearengan bizidun humano bat ikustea ere politika ez bada behintzat.
Argia
Euskara eta integrazioa gaitzat duen erreportajea. Hemen bizi diren eta euskara maila eta hizkuntzarekiko hurbilpen desberdina duten lau andaluziarrekin osatutako erreportajea.
|