Euskaraldia ariketa sozial bat da. Euskaraz aritzeko ariketa bat, Euskal Herri osoan burutuko dena azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte. 2018an milaka euskaltzalek batera martxan jarritako ekimena da, 15 egunez, euskararen erabilera areagotzea, eta hirugarren edizioa du honako hau: jendearen erronkak eta konpromisoak zehaztea du xede 2022ko edizioak. Helburu edo erronka batekin hasiko du bakoitzak bere Euskaraldia, dagokion roletik, izan Ahobizi edo Belarriprest.
Eta zein da gure erronka?
Zer pentsatu duzu Bidelagun edo Bidelari zaren horrek?
Zeintzuk dira Mintzanet plataformaren erronkak?
Euskararen erabilpenerako tresna da Mintzanet. Duela 10 urte sortu genuen Donostian Euskararen Egunaren karietara, eta ordutik, milaka izan dira euskara doan praktikatzeko tresna hau baliatu duten mundu osoko euskaldunak. Euskaraz hitz egiteko, mintza praktika egiteko tresna digitala da Mintzanet. Doan, eta astero ordubetez praktikatzeko konpromisoarekin, euskara gehiago eta errazago hitz egiteko tresna bat.
Bidelagunak aurkitzeko erronka
Euskaraz praktikatu nahi duten bidelariak, egunetik egunera, gero eta gehiago dira. Pandemia sasoian, askok aukera bakarra izan zuten tresna digital hau euskararen praktika aurrera eramateko. Eta orain, olatu horren osteko garaian gaude. Baina parte hartzaile kopurua gora doa. Horregatik, gure erronka, garrantzitsuena, egun hauetan Bidelagun berriak lortzea da. Euskaraz hitz egiteko prest dauden euskaldunak behar ditugu Mintzanet plataforman. Euskaraz hitz egin nahi dutenei laguntza eskaintzeko prest dauden euskaltzaleak.
Mintzapraktikaren argazkia
Euskaraldiarekin batera, Mintzanet plataformak Euskaltzaleen Topagunea eta AEKrekin, azken urteotako mintzapraktika egitasmoen argazkia egingo du. Publiko egingo ditugu astero-astero, mintzalagun, berbalagun, mintzapraktika esperientzia ezberdinen datuak. Sarean eta kalean, Euskal Herri osoan eta munduan ordubetez euskaraz aritzen direnen argazkia eta datuak.
10. urteurrena eta Mintzanet sariak
Eta Euskaraldiaren biharamunean, Euskararen Nazioarteko egunean, ospakizun berezia daukagu Getxon. Azken urteotan ospatu ezin izan dugun Mintzanet Eguna egingo dugulako. Gure komunitatearekin, Getxoko euskalgintzarekin, urtero ekitaldira joan izan direnekin, egun berezi bat igaro nahi dugu. Mintzanet Sariak banatuko ditugu eta egun osoko egitarau polita antolatu dugu. Izena ematea (egin klik estekan), erronka bezala hartu dezakezue. Anima zaiteze abenduaren 3ko ekitaldi eta bazkarira.