Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
AHOSKERA
Yeismoa esaten zaio ondorengo bi fonema hauek, ahoskatzerakoan, ez bereizteari; /ʎ/ eta /ʝ̞/ ez bereizteari. Yeismoa dagoenean, hiztunak bi fonemen arteko aldea neutralizatu egiten du. Sistematikoki, /ʎ/ ahoskatu beharrean /ʝ̞/ ahoskatzen du. Gaur egungo euskaldun askoren mintzoan nabari da.
Yeismoa hori da, hizkuntza batzuetan <ll> grafiaz idazten den <l> bustia, /ʎ/ ahoskatu beharrean, <y>, /ʝ̞/, ahoskatzea.
Euskara zainduan ez da egokia ll digrama sabaikari ahostun [ʎ] ahoskatu ordez [bonbilla, tortilla], [y] sabaiko igurzkari ahostun egitea —‘yeismoa’— [*bonbiya, *tortiya].
<il> bikotearen ondorengoetan ere euskalkien araberakoa da ahoskera —batzuek [ll], beste batzuek [il]—, baina beti da desegokia [y] egitea. Adibidez: [*oyo/ ollo, oilo], [*langiye / langille, langile], [*maya, malla, maila]. [87. araua] (→ kontsonante busti-palatalen grafia eta ahoskera)
Artikulua
Erdara harturik maisu
Bustidura edo palatalizazio horiek oso zabalduta daude, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, baina badirudi gaurko gazteentzat oso zaila dela -ll- ahoskatzea. Aspaldi honetan, ill ahoskatu izateagatik, euskaraz arrotza den yeismoa zabaltzen ari da: mutiya, iyargia, iyun, langiye, dabiyela, zebiyen, oso zaya da, (bizkaitarrok saia entzunez gero, putrea ere uler dezakegu), bigarren mayan,… (bigarren mailan dagoela dioenak, zer esan nahi du? bigarren mahaian edo bigarren mailan?).
Egia da Gipuzkoan eta Bizkaiko leku askotako hizkeretan, batez ere, bustidurak automatikoak dira, baina Arratian, Galdakaon, Larrabetzun, Zeberion, Lezaman eta inguru horietan guztietan, -in eta -il kasuetan, ia ez da bustidurarik agertzen: (h)aginetako mine, arinago, mutile, makile, okile, ilun, katilu…
Zergatik ez irakatsi umeei, irakurtzen hasten direnean, idazten den bezala irakurtzen? Haurrei irakurketa erraztu egingo genieke eta hori ere oso ahoskera jatorra da, Lapurdin eta Nafarroako zenbait lekutan ere, Bizkaiko mendebaldekoon eran, mutila, makila, mila, langileak… esaten baitute.
Kontua da, yeismoa zabaldu denetik, hau da, y grekoaren moduan ahoskatzea euskeraz bere barra-barra hedatu dela. Txarto esandako berbak dira, ez euskera batuaren akatsa, baina joera erderaren bideetara egitea da. Gainera, yeismoa ekiditea kazetariek bultzatu behar duten eta atxeki behar dioten zeregin edo joera da.
Janire Garcia
http://janirenotv.blogspot.com/2009/11/erdara-harturik-maisu.html