Urtarrilak 15-bmi-mintzanet

‘Ez izatearen beldur’ [Bost minutuko ikastaroa]

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Artikulua

Ez izatearen beldur

Zerbaitetara huts egiteko beldurra da FOMOa, eta baztertua izateko beldurrak eragiten du. Ez da sentimendu berria, baina sare sozialek areagotu egin dute. Presio sozial hori deseraikitzeko asmoz, aurkako fenomenoa sortu dute: JOMOa

Gauero lez, ohean sartu eta azkeneko begiratua eman dio sakelakoari, segidan itzaltzeko asmoz. Instagrameko istoriobatek hartu du pantaila, ordea: lagunak ageri dira, herriko taberna gogokoenean Hoferen El Xokas abestia dantzatzen. Korapilatu zaio eztarria; kalera ateratzen ez bada, gauean jazotakoak galduko ditu. Amaiur Agirrek ez du irteteko batere gogorik, akiturik baitago, baina ez du lekuz kanpo sentitu nahi biharamuneko poteoan. Azkar batean jantzi, eta taberna zulorantz joan da.    

Gutxi izanen dira halakorik inoiz sentitu ez dutenak. Egiaz, sentsazio aski hurbilekoa izanen du askok. «Ez dakit nola azaldu, baina bat-bateko ezinegon batek hartzen zaitu», esan du gazteak. Fenomeno horrek, ordea, badu izena: FOMOa. Ingelesezko Fear of missing out (zerbaitetara huts egiteko beldurra) esamoldearen akronimoa da. EHUko psikologia klinikoko irakasle Juan Manuel Matxinbarrenaren arabera, besteek bizi dituzten esperientzia atsegingarrietara huts egiteko beldurrak sortzen du FOMOa. 

Zaila da zehazki jakitea terminoa nondik datorren: adituen arabera, 2004an agertu zen lehenengoz, eta sare sozialen agerpenarekin hedatu zen ondoren, 2013an Oxford hiztegiak aintzat hartzeraino. Egun, ohikoa bilakatu da, sarean eta gazteen artean bereziki. Terminoak ez du itzulpen zuzenik euskaraz edo erdaraz, baina Interneteko komunitateak mailegu gisa hartu du.

Hizkuntzalarien arabera, egoera berriak deskribatzeko beharra dago FOMO hitza sortzearen atzean. «Izena duenak izaera baitu», esan du Matxinbarrenak. Elixabete Perez euskal filologoarendako, halaber, ez da kezkagarria bertze hizkuntzetako maileguak erabiltzea. Izan ere, hitz asko «lexiko hutsa» dira, eta, denboraldi batez anitz erabili ondotik, ez dira gehiago esaten: «Hiztunok garai eta giro jakin batean bizi gara, eta momentuan nagusi den hizkuntzatik jasotzen ditugu maileguak». Halaber, adierazi du egun euskarak aukera «izugarriak» dituela lurralde berriak esploratzeari dagokionez. «Euskararen erronka da lagunarteko hizkera erregistro batua sortzea; komunikatzeko era berriak esploratu behar ditugu».(…)

Iñaki R. Mendoza. Berria

 

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude