Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
|
Podcasta
New Yorken, euria ere handia da, eskerga, baina nekez luzatzen da egun batez baino gehiago. Hori bai, egiten duenean zaparrada ikaragarria da, ordu gutxitan litro ugari egiten ditu, kaleak eta espaloiak osinez betez.
Halako euri jasa izan zen aurrekoan. Banentorren janaria erosita supermerkatutik. Oinez ezin egin eta saiatu nintzen taxi bat geratzen, lau poltsa eskuetan, aterkia ez dakit non, taxia ohartarazteko besoa ezin altxatuta. Emakume batek esan zidan ezetz, espaloi horretan ezin zirela taxiak gelditu, eta gurutzatzeko kalea. Gurutzatu nuen Broadway luzea eta jarri nintzen esperoan. Geratu zen halako batean taxi hori bat, eta sartu nintzen barrura. Etxe parera heldu ginenean ordaindu nuen txartelarekin. Eta jaso nituen lau poltsak eta aterkia, eskerrak, ez nuen utzi ahaztuta, beti ahazten baitut tokietan aterkia.
Etxera iritsi eta ogia falta zela ohartu nintzen. Bada, berriz, euritara. Baina txamarra ukitu eta ohartu nintzen txartela falta zitzaidala. Ai ama, taxian utzi dut txartela. Edo supermerkatuan. Ez, supermerkatuan ez, txartelarekin ordaindu baitut taxia.
Eta sartu naiz New Yorkeko taxien weborrira. Eta han jartzen du 20 dolar ordaindu behar ditudala galdutako zerbait bilatzea nahi badut. Eta gero esaten didate badagoela zerbitzu premium bat 40 dolarrekin hori bai, berehala bilatzeko. Bai zera. 20koa ordaindu dut, oraingoan, andrearen txartelarekin.
Eta txartelak nola berritu behar ditudan pentsatzen ari naizen bitartean, eta nortasun agiriak eta dena, nire zorte txarra eta euria madarikatzen, hara non jotzen duten etxeko atea. Gizon bat da, zer nahiko du? Hara. Nire kartera dauka eskuetan. Hau zorte ona, pentsatu dut, ze jende ona New Yorkekoa. Esan dit kalean aurkitu duela, atarian bertan. Eskertu diot bihotzez. Baina 30 dolar eskatu dizkit bueltan. Hala da, Yonkers auzora itzultzeko. Taxia hartu behar duela, familia zain duela. Nahikoa duzu 20rekin? Ez 30 behar ditut, ez dut ezer ukitu, dena duzu hor.
Eta eman dizkiot 30 dolarrak eta joan da gizona eta sartu naiz berriz etxera. Leihoaz bestalde, zital, jarraitzen du euri jasak.
Musika
Maria Rivero
Arina
Ez dakit zelan hasi ta ez dakit ezta ere
zelan amaiera on bat egin
Askotan amestu izan dut arina nintzela
ta haizearekin jarriko nintzakela dantzan
Ta zelan jakin non ote dauden mugak?
Nork daki zelan apurtu ta zelan eraiki?
Nork daki?
Ez dakit zelan jakin ta ez dakit ezta ere
zelan hau guztia ahantzi