Florencia Deniz Argentinakoa da eta 23 urte ditu. Soziologia ikasten ari da, eta iaz, udan egindako barnetegi batean entzun zuen lehenengo aldiz Mintzanet zer zen. “Barnetegiko irakasleek mintzapraktika egiteko gomendatu ziguten, eta horregatik, eman nuen izena”, kontatu digu.
Florrek 10 urte zeuzkala etxean euskaraz idatzitako liburu bat aurkitu zuen. Ez zuen ezer ulertzen, baina interesgarria iruditu zitzaion: “Desberdina iruditu zitzaidan, eta 14 urterekin euskara ikastea erabaki nuen, ez dakit oso ondo zergatik”. Bere hitzetan, hizkuntzak ikastea beti asko gustatu izan zaio eta euskal etxean dantza ikasten ari zela, euskara ikastaro batean apuntatu zen. “Orain, euskara nire bizimodua da, ez da hizkuntza bat bakarrik”, aitortu digu.
Hala ere, diasporan euskara ikastea ez da erraza: “Gogorra da, irakasleak askotan urrun ditugu, eta bakarrik ikasten ari gara”. Internet beharrezkoa da prozesua aurrera eraman ahal izateko, irakasleekin hitz egiteko. Horretaz gain, barnetegiak dira ikasteko iturri garrantzitsuena: “Oso esperientzia polita da, pribilegiatuak gara oso talde ona daukagulako”.
Ikasketa prozesu horretan, Mintzanet ezinbestekoa da Denizentzat: “Proiektua oso interesgarria da, proposamen polita, eta oso erabilgarria guretzat, diasporako euskara ikasleentzat”.
Florenciak Joxe Marcos donostiar gaztea du bidelagun eta jada lagun onak bihurtu dira: “Joxe eta biok gustura hitz egiten dugu eta gauza asko ikasten ari gara elkarrekin”. Euskara praktikatzeaz gain, Euskal Herriko kultura, bertako bizimodua eta euskalkiak, beste hainbat konturen artean, ikasten ari dela azaldu digu argentinarrak. “Harreman oso politak sortzen dira, eta praktikatuz gain, asko ikasten da. Jende guztiari gomendatuko nioke”.