Garazi Urkola-MBA-mintzanet

Garazi Urkola, bidelaguna: “Online formatua erosoa da, eta edozein tokitan euskara praktikatzen ari diren pertsonak ezagutzeko aukera ematen du”

Unibertsitate garaian, ikaskideek “erdi-brometan” haien mintzalagun izan zedin eskatzen zioten Garazi Urkolari (Amasa-Villabona, 1998), eta kuriositateak jota euskara lantzeko ekimenak bilatzen hasi zen Interneten. “Aspalditik entzuna nuen mintzalagun proposamena eta banekien euskara lantzeko ekimen bat zela baina ez nekien oso ongi nola funtzionatzen zuen, ezta edonork parte har zezakeen ala ez”.

Bada, Mintzanet egitasmoarekin egin zuen topo, eta izena ematea erabaki zuen. “Euskarazko klaseak emateak asko erakartzen nau, beraz, aukera aproposa iruditu zitzaidan hizkuntza partekatzeko, beste bati bidean laguntzeko, eta bide batez, euskara ikasten ari den pertsona batek izan ditzakeen beharrak eta zailtasunak gertutik ezagutzeko”.

Berehala elkartu genuen Uztaritzen (Lapurdi) bizi den Julie Rouault bidelari adinkidearekin. Astean behin, ordubetez, hitzartzen dira Garazi eta Julie, eta zaletasunak partekatzen dituztenez, izaten dute zertaz hitz egin. “Musikaria da bera eta antzerki formakuntzan dabil”.

Izan ere, antzezle eta musikari dugu gazte billabonatarra bera ere, baina baita zinema aktore ere. Besteak beste, Pablo Agüero zinemagile argentinarrak zuzendutako eta Donostia Zinemaldian estreinatutako Akelarre filmean parte hartu du.

Aitortu digunez, azkenaldian, gustuko dituzten euskal kantak aztertzen dituzte, hiztegia, hitzen esanahiak, aditzen erabilera etab. “Zerbaitetan zailtasunak dituela sumatzen badut, hori lantzeko proposamena egiten diot ariketaren batekin. Hilabete gutxi daramatzagu, baina nabaritzen dut ikasten doala”.

Euskara ama hizkuntza du Urkolak, eta bere inguruan asko erabiltzen dela aipatu badigu ere, kontziente da Euskal Herriko hainbat txokotan ez dela ohiko praktika. Horregatik, Mintzanet “ekimen baliagarria” dela deritzo, jendeari euskara lantzeko aukera ematen diolako. “Oso modu arinean izan daiteke, online formatua erosoa da eta edozein tokitan euskara praktikatzen ari den beste pertsonaren bat edo batzuk ezagutzeko aukera ematen du”.

You Might Also Like

2 thoughts on “Garazi Urkola, bidelaguna: “Online formatua erosoa da, eta edozein tokitan euskara praktikatzen ari diren pertsonak ezagutzeko aukera ematen du”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude