Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Glotofobia
Hizkuntzakeria, hizkuntzagatiko diskriminazioa edo glotofobia diskriminazio mota bat da, pertsonek erabiltzen duten hizkuntzagatik edo hizkuntza erabiltzeko duten moduagatik gertatzen dena. Diskriminazioa gerta daiteke pertsonak bere jatorrizko hizkuntza erabiltzen duelako, edo hizkuntza modu berezian erabiltzen duelako, esaterako ahoskera bereziarekin, modu sinplean (hitz konplexu eta askotarikoak erabili gabe), sintaxian edo moduetan berezitasunak erabilita, etab. Hizkuntzaren erabileran dauden berezitasunak oinarri hartuta, pertsona batek beste baten heziketari, aberastasunari, egoera sozialari, izaerari eta beste hainbat ezaugarriri buruzko aurreiritziak sor ditzake automatikoki. Aurreiritzi horiek pertsonaren trataera bidegabea eragin dezakete.
Duela gutxi, María Jesús Montero egungo Ogasun ministroak iseka ugari egin zizkion, Estatuko Aurrekontu Orokorren aurkezpenean andaluziar kutsua izan zuelako. Jorge Bustos kazetariak artikulu hau argitaratu zuen “Marijau Montero habla con lengua de serpiente” izenburupean. Artikulu horretan honako hau idatzi zuen: “Maria Jesus Montero politikagintzan sartu arte, denok uste genuen euskara zela Espainian hitz egiten zen hizkuntza ez-indoeuropar bakarra. Gaur badakigu gure hizkuntza-mapa korapilatsuari aberastasun berri bat gehitu behar diogula: monteresa “. Polemika horren inguruko gertakari deigarrienetako bat Espainiak Washingtonen zuen kontsularen kargu-uztea izan zen, Susana Diaz garai hartan Andaluziako presidente zenaren kutsu andaluziarrari iseka egiteagatik. Enrique Sardá Vallsek, Espainiako kontsul nagusiak Washington D.C.n 2017ra arte, iruzkin bat argitaratu zuen Facebookeko talde batean, eta Andaluziako azentuaz trufatzen zen.
Pertsona batek azentu bati iseka egiten dionean, ez al dio herri oso bati iseka egiten? Glotofobiak garrantzi gabeko pasadizo bat baino gehiago dirudi. Egoera kezkagarri bat erakusten du, xenofobiak aurpegi sotilagoak dituela agerian uzten duena. Hizkuntza-zentralismo hori geldiarazten ez badugu, eremu periferikoetako herritar gehien-gehienak zigortzen dituen diskriminazio-modu bat erabiliko dugu.
Xenofobia linguistikoa adierazteko erabiltzen da glotofobia kontzeptua. Norbait bere ahoskera, doinu edo azentuagatik baztertzea. Hitz hori Philippe Blanchet soziolinguistak sortu zuen, duela hogei urte. La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, irakasleak glotofobia kasuak salatu ditu liburu batean. Horietako bat: matematika irakaslea izateko lehian hautagai bat baztertu zuten, azentu bretoi oso nabarmena zuelako. Liburuan ageri denez, Frantzia hegoaldeko doinuak Bretainiakoak baino irudi positiboagoak sortzen ditu. Eguzkia eta oporrak gogorarazten ditu. Hala ere, azentu hori duten pertsonak ere baztertzen dituzte Parisen: ez omen dira oso serioak, fidagarriak lanerako.