Guillermo Luis Villatek (Mar del Plata, 1964) La Platako euskal etxean izan zuen Mintzaneten berri. Argentinako geologo honek Mintzanet “oso interesgarria” dela dio. “Era moderno batean euskaraz hitz egiten eta pentsatzen laguntzen dit”, gehitu du.
Zentzu honetan, berarentzat euskara “pentsatzeko modu berri” bat da, “ideia berriak” ematen dizkio. Hau guztia bere bidelagunari esker lortzen du, Julen Aresti bizkaitarrari esker, hain zuzen ere. “Ordubetez hitz egiten dugu astero, eta horri esker, euskaraz gero eta azkarrago hitz egiten dut. Gainera, bertako ohiturak ezagutzen ditut, hango berriak. Horrez gain, nire bidelagunarekin atsotitzak, txisteak eta errezetak ere partekatzen ditut”.
Horregatik, Guillermok Mintzanet gomendatuko luke “dudarik gabe!”. “Oso webgune ona da, modernoa eta baliabide asko daude bertan: testuak, bideoak, artikuluak…”, esan du.
