Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Iritzia
Hizkuntza birus bat da, krudela oso kazetaritzan
William S. Burroughs idazle estatubatuarrarena da ideia: hizkuntza birus bat da. Gizartean sartu den parasitoa, birsortzeko eta bere eragina zabaltzeko ostalari bezala hartzen gaituena. Sortu eta hondatu, askatu eta zapaldu, dualtasun horixe du hizkuntzak, eta ez da kapritxozko metafora. Errealitatearen inguruko gure pertzepzioari forma ematen dio eta, Burroughsen arabera, prozesu horren bitartez gure pentsamenduen gaineko kontrola lortzen du, gure bizitzen gainekoa. Bere ustez, hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa, gizateria kutsatu duen indar maltzurra da, bere agenda propioa zabalduz, egia ilunduz eta estaliz.
Birus bat bezala deskribatuta, manipulaziorako eta kontrolerako daukan indarra azpimarratu nahi zuen. Birusak bezala, gure buruak kolonizatzeko eta jokaeretan eragina izateko eboluzionatu eta moldatzen delako. Hiztunen ideologiak, aurreiritziak eta dogmak altzoan eraman eta belaunaldien eta gizarteen zehar hedatzen ditu. “Hizkuntza=birusa” nozio hori oroigarri ona iruditzen zait literaturan, oro har askabidean, esperimentazioak eta erresistentziak duten potentziala gogoratzeko.
Ontzat eman dezagun hizkuntza birusa dela, arriskua dela, eta boterea; darionagatik, blaitzen duenagatik, bere orban eta koloreengatik. Zirrikituetan ibiltzen da, uhinak betetzen ditu, gure artekoa da, gure baitan bizi da, baina gu gabe. Batzen eta banatzen gaitu, estasira edo desesperantzara eraman ahal gaitzake, iragaziz, iragazkor, gure minak garrasika ipiniz, gure ametsei eta amesgaiztoei ahotsak jarriz.
Burroughsen ideiara bueltatu naiz egunotan irakurri dudan artikulu baten eskutik. “The Intercept” aldizkari digitalak zabaldu du berria. Funtsean, “The New York Times” egunkariaren barne zirkular baten filtrazioa da, Gazakoaz informatzeko erabili behar den hizkuntzaren inguruko zuzentarauak finkatzen dituena. Egiarekin, informazioaren zehaztasunarekin eta denontzako justiziarekin oinarrizko kezka dugunok desafiatu egin beharko genukeen kazetaritza maltzur eta pobretzaile baten erretratua iruditu zait. Ofizioaren lotsarako, ustez kategoriazko kazetaritza helburu, izugarrikeria zein hizkuntza eta hitzekin deskribatu behar den dotrina instituzionalizatzeko ahalegina.
Ikaragarria da. New Yorkeko egunkari sonatuaren barne zuzentarauen arabera, ezin da ‘genozidio’, ‘lurralde okupatu’, ‘garbiketa etniko’ eta, are, ‘errefuxiatu eremu’ bezalako kontzepturik erabili. ‘Palestina’ hitza ere kasu oso zehatzetan baino ez erabiltzeko agintzen du. Are krudelagoa, kazetaritzarako hizkuntza orekatu baten izenean, ‘masakre’ edo ‘sarraski’ bezalakoak ezin dira erabili, informazioa baino emozioa transmititzen dutelako, argitasun eta zehaztasunari kalte egiten diotelako, gertaeretan zentratu beharrean etiketetan erortzen omen delako kazetaria. Baina bitxia da, iazko urriaren 7 eta 14 artean, Hamasen erasoa gertatu eta ondorengo astean, 53 aldiz argitaratu zuen “masakre” hitza, eta ia bederatzi hilabeteko gerran behin bakarrik Israeli egotzita.
Eta hori, sinesgarritasun, oreka, profesionaltasun eta objektibotasunaren oasitzat bere burua hartuta. Horrela jokatzen badute boteretsuek, nola ez dira egongo hizkuntza birusa dela pentsatzen dutenak?