Igone Leon (Bilbo, 1993) duela urtebete joan zen Varsoviara (Polonia) eta, une honetan, bertan egiten du lan. Ikasketa prozesu osoa gaztelaniaz egin zuen, baina duela bi urte euskara ikastea erabaki zuen. B1 agiria lortu zuen eta hurrengo pausoa B2ra iristea izan zen. Atzerrira joan da, ordea, eta ezin izan du bere ikasketekin jarraitu.
Euskara mantentzeko aukerak bilatzen aritu zen eta Mintzaneten berri izan zuen. “Oso aukera erakargarria eta eskuragarria iruditu zitzaidan, eta izena eman nuen. Oso esperientzia positiboa eta aberasgarria izaten ari da”, esan du Igonek.
Berak dioenaren arabera, euskara “oso aurkikuntza berezia” izan da berarentzat. “Txikitan ez nuen ezer ulertzen. Zorionez, orain, hori aldatu egin da. Ez dago beste hizkuntza politagorik eta ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake”, dio bilbotarrak.
Kimika ona sortu da bera eta bere bidelagunaren artean: “Zorte handia izan dut, oso ondo moldatzen gara Maialen eta biok. Nahiz eta urrun egon, primeran datorkit Euskadi hurbilago sentitzeko eta euskara maila ez galtzeko”.
Horren adibide saioen iraupena da: ez dira inoiz ordu erdikoak. “Gehienetan denbora gehiago pasatzen dugu hitz egiten”, azaldu du. “Oso erraza da Maialenekin, pazientzia handia dauka eta alaia da, eta, hori berehala kutsatzen da”, gaineratu du.
Gaiak anitzak dira eta ez dute arazorik edozer gauzari buruz aritzeko: “Esperientziak, bizitza ikusteko eta pentsatzeko erak partekatzen ditugu; oso erraza da berarekin komunikatzea eta entzuteko prest dago beti. Gainera, gauza berriak ikasten ditut: adibidez, orain, berari esker, nire burua zeinu hizkuntzan aurkez dezaket”.
Igonek argi dauka: Mintzanet dudarik gabe gomendatuko luke. Euskararen inguruan dauden gauzak (familia, ohiturak, kultura…) hurbilago sentitzeko tresna aproposa dela uste du. “Gainera, oso pertsona interesgarriak topatu ahal dituzu bidean eta horrek merezi du. Ikasteko modu atsegina eta entretenigarria da, eta hori gutxi balitz, etxetik hurbil sentitzeko aukera ere ematen dit”, azpimarratu du.