Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
inguru Besteak beste, zenbaki batek mugatzen duen izen-sintagma bati dagokiola, kopuru hori gutxi gorabeherakoa dela adierazteko erabiltzen da inguru hitza; artikulurik gabe erabiltzen da. Hau da egitura: <zenbatzailea + izena + inguru>.
Orain (dela) hogeita hamar (bat) urte inguru joan zen hara. Ordubete inguru igaro da. Bi metro inguru baditu bederen. Bi mila urte inguru pasatu dira ordutik hona (*bi mila inguru urte).
Orduez mintzatuz Arratsaldeko sei eta erdiak inguru ziren.
Iparraldean artikulurik gabeko izen-sintagmak –en atzizkia hartzen du eta inguruk artikulua. Laurogei urteren ingurua zuen (Laurogei urte inguru zuen/zituen). Duela mende baten ingurua (Duela mende bat inguru). [EH]
Izenlagun funtzioa betetzen du -ko atzizkiarekin. Berrogei urte inguruko gizon gordina. Bi ordu inguruko hizketaldia.
Pareko jokamoldea dute ‘X inguru(ko)’ eta ‘X-tik gora(ko)’ esamoldeek, eta molde horretan erabiltzen dira gaur egungo testu teknikoetan ere, bai magnitude fisikoekin eta bai bestelakoekin ere: Zortziehun metrotik gorako luzera, sei mila galaxiatik gora.
Ohar bat, hala ere: X inguru(ko) eta X-tik gora(ko) esamoldeek, oinarrian esapide adberbialak direnez, forma hori besterik ez dute hartu ohi. ?Ehun lagun ingururi gertatu zaio hori. ?Milatik gorak egin du ondo azterketa.
Halakoetarako, beste esapide batzuk erabiltzen dira: Ehun laguni edo gertatu zaio hori. Mila lagunek baino/eta gehiagok egin du(te) ondo azterketa. Tradizioan, ez da ageri inguru ergatiboan (inguruk), ezta datiboan ere (ingururi). Bai, urri, leku-denborazko kasuetan (Arribildik lau legua ingurutik at). (→ baino gehiago: batek baino gehiagok, bati baino gehiagori…)
|
Artikulua
Emakumeak Kixoten
Oraindik ere egungo gizonezko idazle askoren lanetan ezgaitasun handia ageri da emakumeen larruan sartu eta pertsonai bat eraikitzeko, ez bada gizonaren begietatik. Harrigarria da Kixoten zenbat emakume ezberdin ageri diren eta zein ekintza ezberdinak egiten dituzten XVI. mendeko kortse estuetatik ateratzeko (…)
Lehen zatian bada pasarte bat, mutil artzain eder maiteminduarena: Grisostomo, tokiko mutil eder eta jatorrena, kantaria, olerkaria, eta tokiko neska ederrenarekin maitemindua: Marcela. Alde bakarreko maiteminez, ordea, izan ere, Marcelak haren maitasuna onartu ez, ezta Grisostomok, maite-minak jota, bere burua hiltzeko mehatxuaren aurrean ere, eta, ondorioz, azkenean Grisostomok bere burua hil du. Inguruko herritar guztiek Marcelaren berekoikeria eta gogortasuna kritikatu dute. Orduan, noiz eta mutilaren dolua egiten ari direnean Marcela bertara agertu, eta maitasun erromantiko itsu hori kritikatu du, mutilak ez zazkio gustatzen eta berak ez zion itxaropen faltsurik eman, eta gainera dio: “Dakizuenez, nik badut neure aberastasunik, eta ez dut irrikatzen besteenik; badut neure askatasuna, eta ez dut maite loturarik […], herrixka hauetako neskekin garbi solasten eta nire ahuntzak zaintzen hartzen dut atsegin”(…)