Ione Forcadak sortu eta berehala ezagutu zuen Mintzanet, Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpenean izan baitzen. Bagera Elkartean ere parte hartzen du, eta, ongi pentsatu ondoren, Mintzaneten izena ematea erabaki zuen. “Aurrez aurre laguntzailea izatea errazagoa da. Interneten, berriz, ez daude hainbeste baliabide, baina tira”, dio Ionek.
Ahalik eta gehien laguntzea du helburu, eta gogotsu aritzen da horretan. “Nire bidelaria Zarrakazteluko (Nafarroa) mutiko bat da. Nahiz eta han euskara ikasi, ez du praktikatzeko aukerarik. Nik solasaldiak prestatzen ditut, asmakizunak egiten ditugu, berriei buruz hitz egiten dugu, aditzak lantzen ditugu…”. Gustura dabil eta igartzen zaio.
Ionek laguntzen duen “mutikoa” Raul Alfaro da. Euskara Zarrakaztelun ikasten du, eta bere irakaslearen bidez ezagutu zuen Mintzanet. “Teknologi berriekin ez naiz oso ongi moldatzen, baina kamera espreski erosi nuen, eta izena eman nuen. Aukera ona zela pentsatu nuen, eta bete-betean asmatu nuen: kristoren esperientzia da!”, azaldu du Raulek.
Bere ustez, euskaldunak ez diren inguruetan Mintzanet bezalako “aukerak” izatea “altxorra” da. “Ongi pasatzen dugu, eta asko ikasten ari naiz. Poz-pozik nago. Ione ezagutzea oso polita izan da, eta estimu handia diot”, esan du.
Horregatik, duela egun batzuk elkar ezagutzea erabaki zuten. “Oso topaketa polita eta berezia izan zen. Handik hunkituta etorri nintzen, eta zuei eskerrak eman behar nizkizuela pentsatu nuen: eskerrik asko hau posible egiteagatik!”.
Hemen duzue elkartzearen argazkia. Ione Forcada eta Raul Alfaro Donostiako kaian.