Iraitz Lazkano, UEMAko arduraduna
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) agerraldia egin berri du Gasteizko Legebiltzarrean, gazteen ikus–entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkezteko. Bi hitzetan esateko: “Ikus-entzunezkoetan, erdaren oso azpitik dago euskara”.
Datu kezkagarriak dira, eta herri euskaldunetako gazteenek zer nolako kultur kontsumoa egiten dutela ondorioztatu dute. Eskaintza ere handiagoa denik ezin ukatu, eta gazteei errua bota ordez, irtenbideak bilatzen hasteko garaia den honetan mintzanet egitasmotik Iraitz Lazkano Elgetako alkate eta UEMAko arduradunarengana jo dugu. Kezkarekin baina gauza berriak martxan jartzeko borondatearekin hartu gaitu.
Telebista, streaming plataformak, sare sozialak, musika eta bideo-jokoetan gazteek zer kontsumitzen duten aztertu du UEMAk, eta erdarazko kontsumoa nagusitzen da guztietan. Horren aurrean zer planteatzen duzue?
Ikus-entzunezkoen kontsumoak haur eta gaztetxoen hizkuntza erabileran eragin nabarmena duela kontuan hartuta, UEMAren ustez ikus-entzunezkoen esparruan berehalako neurriak hartzen hastea behar beharrezkoa da. Ez da esparru erraza, baina administrazioak zerbait egin beharra du, norberak norbere eskumenetatik, etorkizunean errealitate horrek euskararen erabileran atzerakada handiagoak eragitea nahi ez badugu.
Ia ehun herri daude UEMAn, eta milaka gazteren erantzunak jaso dituzue. Ematen du arnasguneetatik oso serio heldu diozuela gaiari?
Bai, heldu beharra geneukan. Azkenaldian udal askoren kezka bada UEMAko udalerrietako gaztetxoen arteko hizkuntza ohituretan aldaketak sumatzen direla. Ikastetxeekin ditugun harremanetan ere behin eta berriro esaten digute haurrak gero eta azkarrago hasten direla gaztelaniara jotzen… eta hori orain arte ez da oso ohikoa izan udalerri euskaldunenetan. Gaia hainbat ikerketaren bidez aztertzen ari gara, baina faktoreen artean nahiko garbi genuen ikus-entzunezkoen kontsumoarena bazegoela. Pandemiak kontsumo hori areagotu egin zuen, eta egoerak okerrera egin duela esaten digute ikastetxe askotatik.
Horrez gain, UEMAko udal askok ikus-entzunezkoen euskarazko eskaintza sustatu nahi izan dutenean, gabezia handiekin egin izan dute topo. UEMAra jotzen dute, eta euskarazko eskaintzan eragiteko beharra argi ikusi dugu.
Zer erantzun jaso duzu orain arte? Ze konpromiso?
Ikerketaren emaitzak inkesta egiten laguntza eman diguten ikastetxeei eman dizkiegu lehenik, eta haien aldetik esker-ona besterik ez dugu jaso. Azken finean, haien pertzepzioak konfirmatzeko balio izan die, eta orain ikastetxeetatik ere eragiten hasteko oinarria badute.
Horrez gain, HPSn eta EAEko legebiltzarrean aurkeztu ditugu ikerketaren emaitzak. Aurki Nafarroako legebiltzarrean izango gara. Tentuz entzun dute orain artekoek. Haiek ere esperotako emaitzak direla esango nuke. Haiengan ere kezka nabari da, baina konpromiso berezirik hartzeko momentura ez gara oraindik iritsi. HPSk bai aipatu digu Espainiar telebista kateetan euskararen presentzia txertatzeko ahaleginetan ari direla estatuko beste hizkuntza gutxituetako ordezkariekin elkarlanean.
Hala ere, eragile guztiok bat eginda gaiari lotutako plangintza sendo bat behar dela uste dugu, eta ez ekintza solteak. Gaiak eragin handia du euskararen erabileran, eta neurririk hartu ezean eragina nabarmenagoa izango da.
Eta UEMAko herrietan, zer egiten hasteko asmoa? zelan eman buelta egoerari?
Ikerketarekin jarraituko dugu, baina horrez gain beste hainbat ekimen ere egin nahi ditugu. Beti ere kontuan izanda udalok ditugun eskumenekin mundu erraldoi horretan eragitea ez daukagula batere erraza. Laster Zinema euskaraz proiektu pilotua aurkeztuko dugu, udalerrietan zinea euskaraz programatzea ahalbideratzeko helburuarekin. Horrez gain, ordea, euskal sortzaileak eta erreferenteak indartzen lan egin behar dugula uste dugu. LANARTEArekin ere hasi gara lehen elkarlana bideratzen. Uste dugu udaletatik euskaldun erreferenteen gizarteratzean lan handia dugula egiteko. Gure haur eta gaztetxoen erreferente euskaldunak behar ditugu.
Horrez gain, herritar euskaldunen ahalduntzean eragiten jarraitzea ere estrategikoa ikusten dugu. Euskaldun ahaldunduak eutsiko diote euskarari, kanpo eraginek beste bide bat hartzeko erraztasunak ematen badituzten ere.
Gazteen artean, gaiari buruzko kezkarik sumatu duzue?
Ez dakit kezka den hitza. Guk gazteekin ditugun harremanetan, euskarazko eskaintza gabeziari botatzen diote errua, hori bai aipatzen dute. Baina orokorrean, ez nuke esango beraiek kezkarik bizi dutenik. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean ez nuke esango. Adinez aurrerago doazela kontzientzia gehiago hartzen dutela ikusten da, eta begiraleen formazioetan eta abar, hor bai ageri da kezka hori.