Barakaldon jaio bazen ere, Bilbon bizi da gaur egun Iratxe Azuaga (1978). Pertsona abenturazalea eta bidaiaria dela dio, natura maite du, irakurtzea bezain beste. Baita euskara ere, nahiz eta ama-hizkuntza ez duen: “Nire arbasoen hizkuntza da eta oso harro sentitzen naiz horrekin. Hizkuntza ederra da”.
Bere inguruan ez dauka norekin euskaraz hitz egin, zaila egiten zaio, horregatik, Mintzaneten izena ematea erabaki zuen duela zenbait hilabete. Kasualitatez egin zuen egitasmoarekin topo, baina oso gustura ari da orain: “Oso gomendagarria da ekimena. Oso erraz eta aberasgarria aldi berean, beraz, ez dago aitzakiarik!”.
Euskaraz hitz egiteko erraztasuna lortu nahian, Andres Mena legazpiarrarekin elkartzen da online, eta 40-50 minutu inguruko saioak egiten dituzte astero. Andres irakaslea da, eta irakurtzea, natura eta paseoak ematea izugarri gustatzen zaiola kontatu digu Iratxek. Zaletasuna partekatzen dutela jakinda, hizketaldi luzeak egiten dituzte: “Oso jatorra eta hizkuntzaren maitalea da. Gainera, nik bezala, natura maite du eta bere ibiltariak kontatzen dizkit. Denbora pasatu ahala, soltura eta konfiantza handia lortu dugu. Horri esker, euskarari beldurra galdu diodala eta erosoagoa nagoela sentitzen dut”
