Isabel Canales, bidelaria: “Etorkizunean Cecilia aurrez aurre ezagutzea gustatuko litzaidake eta besarkada handi bat ematea”

Isabel Canales (Santander, 1981) Kantabrian eta Burgosen bizi ondoren, Bilbora etorri zen duela zazpi urte: “Maitasunagatik etorri nintzen, bermeotar batekin ezkonduta nago eta alaba bat dugu”.

Duela hiru urte, euskaltegian hasi zen euskara hutsetik ikasten eta han izan zuen Mintzaneten berri: “Nire ustez, oso proiektu ona da. Nahiz eta Bilbon bizi, euskaraz hitz egitea kostatzen zait, agian lotsagatik, konfiantza faltagatik… Ez dakit”. Proiektuan parte hartu aurretik euskaltegian soilik egiten zuen euskaraz eta, orain, “Mintzaneti esker, neure buruarengan segurtasuna izatea lortu dut eta edozein saltsatan sartzen naiz euskara praktikatzeko asmoz”.

Canalesek Cecilia Cenoz argentinarra du bidelagun eta berarentzat “oso berezia” izan da bera ezagutzea: “Astean behin Skype bidez hitz egiten dugu, baita edozein momentutan Whatsappez ere. Beti dugu hizketa-gaia eta saioetan denbora oso azkar pasatzen zaigu”. Hasieran ordu erdiz aritzen ziren, baina gaur egun elkarrekin urtebete daramate eta ordubeteko saioak egin ohi dituzte. “Nire iritziz, gure harremana oso polita da. Cecilia niretzat eredu bat da, euskara bihotz-bihotzez maite duelako eta beti laguntzeko prest dagoelako. Etorkizunean bera aurrez aurre ezagutzea gustatuko litzaidake eta besarkada handi bat ematea”, kontatu digu.

Isabelek D ereduan ikasten duen alaba bat du: “Berarekin euskara partekatzea garrantzitsua da. Hasieran ezin nion ipuin txiki bat irakurri ere egin eta frustragarria zen niretzat”, aitortu digu. Hiru urte igarota, Euskararen Egunean (abenduaren 3an) alabaren eskolara joan zen gelakideen aurrean ipuin bat irakurtzera: “Oso urduri nengoen, baina esperientzia ederra izan zen. Alaba da euskara ikasteko nire arrazoia. Esfortzu handia egiten ari naiz, baina merezi du. Nire ustez, ederrena bidean gozatzea da, presiorik gabe”.

Canalesek euskara praktikatzeaz gain, proiektuari esker jende zoragarria ezagutu duela esan digu: “Aberasgarria da, inoiz ez da berandu maite duzuna egiteko. Mugak norberaren buruan daude”. Proiektuan parte hartzea gomendatu die ikaskide eta lagunei, “erosoa, erabilgarria eta doakoa da, zer gehiago eskatzen duzu?”. Bere ustez, zerbait nahi duzunean baliabideak bilatzen dituzu, “bestela aitzakiak”.

Iaz Mintzaneten hainbat topaketa egin genituen eta Isabel Bilbon egindakora etorri zen: “Asko gustatu zitzaidan Bizkaiko kideak ezagutzea. Giro polita sortu zen, eta orain Whatsappean talde bat daukagu. Elkarrekin gehiago praktikatzeko antolatzen gara”.

You Might Also Like

2 thoughts on “Isabel Canales, bidelaria: “Etorkizunean Cecilia aurrez aurre ezagutzea gustatuko litzaidake eta besarkada handi bat ematea”

  1. Kaixo:
    Horrelakoak irakurtzeak, indarra eta poza ematen dizkit aurrera jarraitzeko. Istorio txiki hauek, errealitate handia bilakatuko baitira; aleka aleka arto zakua bete ohi den moduan.
    Segi aurrera eta hitz egin euskaraz munduko edozein bazterretan. Bejondeizuela!!!!

    1. Aupa, Mari Jose! Mila esker!
      Azken batean, zuek zarete Mintzaneti aurrera egiteko indarra ematen diozuenak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude