Izaskun Arrieta, bidelaguna: “Benetan ikaragarri ari naiz gozatzen, asko jasotzen dut bidelariengandik”

Gaurtik aurrera Mintzaneteko webgunean proiektu honetan parte hartzen dutenen istorioak aurkituko dituzue. Haiek dira egitasmo hau aurrera ateratzen dutenak eta beren esperientziak edozer baino hobeto deskribatzen du zer den Mintzanet.

Bi astean behin, hileko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan, izango duzue haien berri.

Hona hemen lehenbizikoa.

“Izaskun naiz. Bidelagun nabil, ikaragarri gustura. Interneten bidez izan nuen proiektuaren berri. Hasiera batean, kosta egin zitzaidan izena ematea, izena emateak konpromisoa esan nahi baitu. Kezkak ere banituen: ordenagailu egokia ote genuen, Skypekin nola moldatuko ote nintzen… Baina noizean behin web orrian sartzen nintzen eta ikusten nuen Euskal Herritik kanpo bizi den jende asko agertzen zela bertan. Horrek hunkitu egin ninduen, eta izena eman nuen.

Hasieran arazoak izan nituen ordenagailuarekin, baina Mintzanetekoak hor izan nituen uneoro laguntzen. Benetan eskertzen diet eman ziguten laguntza.

Hiru bidelarirekin ari naiz: Christian, María eta Teresarekin. Cristian Txilekoa da, Santiagokoa; María Manchesterren bizi den aguraindarra; Teresa, berriz, Barakaldokoa. Benetan ikaragarri ari naiz gozatzen, asko jasotzen dut haiengandik. Etxekoek ere parte hartzen dute, batez ere hamar urteko alabak.

Hala ere, koska bat ikusten diot proiektuari, eta zera da: hiru bidelari gehiegitxo direla. Aukeran birekin nahikoa litzateke. Badakit horretarako jende gehiago behar dela. Ni saiatu naiz han-hemenka boluntarioak topatzen, baina jendeak atzera egiten du. Makina bat erretiratu izango da inguruan denbora libre ugari duena, batez ere negu-partean, baina horiei tresnak beldurra ematen die. Tira, zer egingo diogu, ba!

Guk, behintzat, aurrera jarraituko dugu. Laster ikusiko ditugu María eta haren familia aurrez aurre, eta besteak nork daki!
Hasteko, esan behar dut berritsua naizela eta oso gustuko dudala hizketan jardutea. Beraz, oso ongi etorri zaizkit Mintzaneteko orduak, telebistarik ez ikusteko.
Ni, esaterako, ez naiz izan inoiz Hego Amerikan, ezta Erresuma Batuan ere. Mintzaneti esker, paraje horietako berri izaten ari naiz bertara joan gabe: bitxikeria pila, bertakoen eskutik.
Bestetik, Christianek zortzi edo bederatzi urteko alaba du. Gureak, berriz, hamar dauzka. Hura Santiagoko euskal etxera joaten da euskara ikastera. Hori ikustean ikastolan erabilitako ipuinen bilduma osoa bidali genien, eta orain hango euskal etxeko umeak haiek lantzen ari dira. Egun batean, hitzordua jarri zuten biek euskaraz aritzeko. Baina Julieta zeharo urduritu zen eta bertan behera utzi zuten. Hurrengo batean egingo dute beste saioren bat. Gureari horrek balio izan dio jakiteko non dagoen Txile, Euskal Herritik kanpo ere jendea ari dela euskara ikasten, zenbat kostatzen den hizkuntza bat ikastea…
Maríak, berriz, txakurra eta katua ditu. Guk ere katu bat badugu etxean. Mariarekin saioa noiz nuen galdetzen zidan alabak haren animaliak ikusteko. Hala, hura ere Mariarekin hasi zen hizketan. Maríak, gainera, eskola batean egiten du lan eta oso hiztuna eta irekia da. Kontua da, duela hilabete antzeko tratu bat egin genuela Mariak eta biok. Nik hari idazlanak-eta zuzenduko dizkiot (oraindik ez dit bakar bat ere bidali baina), eta hura, berriz, gure Iratirekin astero ordu erditxoren batean ingelesez aritzen da. Gure alaba zeharo gustura dabil.
María uztailaren 25ean Euskal Herrira etortzekoa da, eta, berak hala eskatuta, egunen batean elkar ezagutzeko egun-pasa joango gara. Ez dakit non elkartuko garen: Azkoitian, Lazkaon, Agurainen..
Teresarekin dugu harremanik txikiena, berarekin besteekin baino beranduago hasi nintzen. Gainera, ama gaixorik du eta ez gara hain maiz geratzen. Baina harekin ere ondo moldatzen naiz.
Zergatik gomendatu? Ez dakit, bakoitza nolakoa den… Euskal Herrian gazte asko ari da atzerriko hizkuntzak ikasten. Baina badirudi ikasteko atzerrira joan beharra dagoela nahitaez. Gazte horiei (edozeini) Mintzanetek aldi berean beste hizkuntza batzuk pratikatzeko aukera ere ematen die: frantsesa iparraldekoekin, ingelera, poloniera… Nik uste dut horrela errazago emango lukeela izena jendeak. Nik, esaterako, hasieran pena hartu nuen iparraldekoren bat jarri ez zenidatelako, hartara frantsesa praktikatzeko aukera izango bainuen. Baina ingelera praktikatzeko aukera baliatu dugu”.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude