Jorge Elias Lagoma Badiola (1955) Soraluzen jaio zen, eta Eibarko Armeria Eskolan ikasi zuen Industria elektronikoko maisutza. Ikasketak amaitu ondoren, Lesakako Laminaciones lantegian hasi zen lanean, eta ordutik, “herri polit honetan” bizi da. Egun, erretiratuta dago, eta edozeren gainetik, “lasaitasuna” bilatzen duela aitortu digu, baina baita gauza interesgarriak entzun eta bizikletan ibiltzea ere: “65. urtebetetzean bizikleta elektriko bat erosi nuen, eta nire ustez, bonbillarenaren ondoren, bigarren asmakizun elektrikorik onena da”.
Lesakan bertan, euskara ikasteko barnetegian zegoela, kide batek Mintzanet aipatu zion, eta bere nahia “euskaraz hitz egitea” denez, izena ematea erabaki zuen. Iñigo Bilbao bidelagun getxoztarrarekin elkartu genuen berehala, eta oso pozik dago: “Bidelagunak euskara praktikatzen laguntzen dit. Hizkuntza maite du, baita besteei ikasten laguntzea ere”. Mintzanet Eguneko bazkarian ezagutu zuten elkar, duela 3 urte, Durangon, eta lagun bilakatu dira.
Astero birritan elkartzen hasi ziren, pantaila bidez, eta ariketa gramatikalak proposatzen zizkion Iñigok Jorgeri. A2 maila gainditu ostean, astelehenetarako hasi ziren hitzorduak finkatzen: “Iñigorekin soilik hitz egiten dut euskara hustean, ordu erdiz bada ere, eta esango nuke, hobekuntza nabaria dela”.
Giro euskaldunean bizi izan da beti Jorge, baina ez du orain arte hizkuntza ikasi. Erretirora hartu berri, une aproposa zela iruditu zitzaion, euskaltegietan, barnetegietan, eta orain, Mintzaneten: “Euskara ikasi, mantendu eta erabiltzeko bidea da niretzat Mintzanet”. Euskaraz bizi dela aitortu digu, Mintzaneti eta Iñigori esker, eta bidelagunari, espresuki, berarekin duen “pazientzia” eskertu nahi izan dio. “Fabrikan, ordulariari begiratu gabe irteteko ordua iristen zenean, lana ondo joaten zenaren seinale zen. Euskararekin berdin. Ordu erdia erlojuari begiratu gabe pasatzen bada, saioa ondo joan da”.