MINTZANET BERE AHOTAN

Julen Ansotegi, bidelaguna: “Euskarak hizkuntza ikasteko baliabide modernoak behar ditu; zentzu horretan, Mintzanet funtsezkoa da”

Gasteiztarra da jaiotzez Julen Ansotegi, baina Bartzelonan zuzenbidea eta kriminologia ikasi ditu. Zaletasun ugari dituen mutila da, eta hasiera batean hizkuntzetan trakets xamarra zela iruditzen bazitzaion ere, urteak pasatu ahala konturatu da ez dela horrela: “nire bizitzan nahitaez eta ezustean sartu dira eta gaur hobby bilakatu dira”.

Familia euskaldun batean hezi bada ere, Bartzelonan zela, Euskal Etxera jo zuen, “ahaztuta eta “herdoilduta” zeukan euskara berrartzeko asmoz, eta berba-taldeei esker lortu zuen hizkuntza berriro segurtasunarekin erabiltzea.

Bilbora bizitzera joan zenean, berba-taldea utzi eta bertako kideek gomendatutako Mintzanet egitasmoan izena ematea erabaki zuen: “Jende berria ezagutu nahi nuen eta euskara astero erabiltzeko aitzakia bilatu. Hizkuntzak nire kabuz eta online lantzera ohituta nago, eta Mintzanet oso aukera ona da euskara praktikatzeko etxetik, lanarekin bateratzeko. Aldi berean, beste pertsona baten bidelagun izateak jakin-min izugarria piztu zidan”.

Mintzanet euskara sustatzeko proiektu “oso garrantzitsua” dela deritzo Julenek, “behar beharrezkoa”. Euskaltegiek eta barnetegiek garrantzia daukatela dio, baina hizkuntzak ikasteko online diren zerbitzu modernoak gehiago bultzatu behar ditugula uste du: “Euskarak hizkuntzak ikasteko baliabide modernoak behar ditu; zentzu horretan, Mintzanet funtsezkoa da”.

Bada, izena eman, eta berehala elkartu genuen bidelari gasteiztar batekin. Harreman oso polita ondu dute: “Bere euskara maila asko hobetu zen eta bere buruari jarri zizkion helburuak arrakastaz lortu zituen, hizkuntza gozatuz gainera (edo ala zirudien behintzat). Gaur egun Gasteizen noizbehinka ikusten dugu elkar eta bizitzaz hitz egiten dugu patxadaz”.

Orain, bigarren bidelari bati laguntzen ari da astero, eta berarekin ere “saioak oso atseginak” direla aitortu digu. “Saio libreak egiten saiatzen gara, bizitzari buruz hitz egiten,  hizkuntza-jokoak egiten, musika gomendatuz… edozer; konfiantza lortzea da azkenean saioen muina eta euskara normaltasunez eta patxadaz erabiltzea”.

Pandemia, inflexio-puntua

Pandemia garaia inflexio-puntua izan zen Julenentzat, eta helburutzat jarri zuen euskaraz bizitzea: “Ama-hizkuntza berreskuratzearen esperientzia oso polita iruditu zitzaidan, beste ikuspegi batetik begiratzen nion euskarari, eta euskaldunok dugun erantzukizuna argi ikusi nuen momentu hartan. Hala, hizkuntza sustatzea erabaki nuen, eta Euskal Herrira bueltatu nintzenean, Mintzanet aurkitu nuen lehen urratsa emateko”.

Euskarak pizten dizkion sentimenduez galdetuta, trinko erantzun digu: “Maiz etzun izan dut euskara altxor bat dela. Baina ez nator bat esaldi honekin. Altxorrak ezkutuan dauden gauza baliotsuak dira, pertsona multzo txiki batek (edo inork ez, beharbada) baino ez dute altxor hauen berri. Euskara gauza ederra eta baliotsua da baita ere, baina ezin dugu gutxi batzuen esku utzi, agerian izan behar da, begi-bistan,  ez lurperatuta edo ezkutuan”.

You Might Also Like

2 thoughts on “Julen Ansotegi, bidelaguna: “Euskarak hizkuntza ikasteko baliabide modernoak behar ditu; zentzu horretan, Mintzanet funtsezkoa da”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude