Julien Simon-mintzanet bere ahotan

Julien Simon, bidelaria: “Mintzaneti esker, euskaraz hitz egin nezakeen lehen laguna topatu nuen”

Baionakoa da Julien Simon, Tarbesen sortu zen arren, Pirinioetan. Egun 33 urte ditu eta eraikuntzan lan egiten du; kirolean, lorezaintzan eta brikolajean zaletua ere bada. Euskal kultura maite du, eta euskaraz mintzatzeko ahalegina egin du aspalditik. Mintzanet ezagutu eta euskaraz aritzeko lehen laguna topatu du: Asier Auzmendi bidelagun ataundarra. Bere esperientzia kontatu digu.

“Euskaraz hasiberria nintzenez mintzapraktika egin nahi nuen, eta Ipar Euskal Herriko Mintzalasai elkarteak mintzanet-en berri eman zidan”, kontatu digu, eta oraintsu arte bidelari aritu da. “Euskal kultura maite dut eta agorrilatik (abuztua) euskaraz online baino ez dut ikasten, praktikatzea behar nuen, eta Iparraldean ez nuen inor aurkitzen mintzapraktika egiteko”.

Pozik dago, eskaera egin eta aste bakarrera mintzakide bat aurkitu ziolako Mintzanet plataformak: “Oso atsegina eta bidelagun ona da Asier”. Astero oren batez aritu izan dira oraintsu arte solasean (usu ostiral arratsaldetan): “Gure biziko mintzatzen genuen, hasieran euskaraz eta zerbait ulertzen ez nuelarik frantsesez”.

Bidelagun edo mintzakideari esker bere euskara maila hobetu ote den galdetuta, berehala arrazoitu digu Baionako lagunak: “Mintzaneti esker, euskaraz hitz egin nezakeen lehen laguna topatu nuen; segur da, euskaraz mintzatzen ahal nintzen lehen pertsona zen, eta horri esker hiru hilabeteotan euskaraz hitz egiteko aukera izan dut”. Lehenago ahalegindu arren, ez zuen euskaraz aritzeko aukerarik Julienek Baiona eta inguruko karriketan.     

 Agorriletik aritu da online mintzapraktikak egiten, eta euskal kultura biziki maite du Julien Simon bidelariak, eta dagoeneko lanean ere euskara erabiltzen hasi da Julien. Baionan jende gutxi mintzatzen da euskaraz eta Landetan dagoenean inork ere ez. Eta horrek arrangura sortzen dio. Internet bidez sarean hitz egin ahal izatea horregatik eskertzen du horrenbeste Julienek. “Online oso erosa da eta denbora aurrezten duzu, beharbada ez da oso gizatiarra” pentsatu eta bota digu. Zerbait kezkatuta.       

Labur eta azkar erantzun dizkigu baionarrak galderak, baina euskaraz jarraitu eta euskal kultura maitatzen jarraituko du, bistan denez.

You Might Also Like

3 thoughts on “Julien Simon, bidelaria: “Mintzaneti esker, euskaraz hitz egin nezakeen lehen laguna topatu nuen”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude