Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Kurlinta desagertu egin da
Zientzialari talde batek eman du albistea: kurlinta mokomehea desagertu egin da. 1995ean ikusi zuten azken aldiz Marokoko Merja Zerga urmael urdinean, larrean. Europan XXI. mendean desagerrarazitako aurreneko hegazti espeziea da.
(…) Galera «sekulakoa» dela dio Unamunok: «Mundu mailako desagertze bati buruz ari gara. Espezie baten iraungitze totala. Ez dago beste inon. Gelditzen direnak museoetan disekatuta daudenak dira». Baina esan liteke hori erabateko ziurtasunez? Nola berretsi daiteke espezie baten desagertzea? «Estatistika kontua izaten da. Egiten badituzu ez dakit zenbait behaketa eta behaketa horietan ez bada hegaztirik agertzen, portzentajeekin jokatzen duzu. Ehuneko ehunean ezin dela esan eta %0,4ko aukera egon daitekeela baten bat egoteko?». Unamunok dio hori ez dela bideragarria. «Nahiz eta bat edo bi egon, populazioa ez doa aurrera. Espezie horietan populazioa iristen denean minimo batera, ez dago buelta ematerik. Eta kasu batzuetan milaka batzuk izaten dira, eta, hala ere, ez zaio egoerari bueltarik ematen, populazioak oso banatuta gelditzen direlako euren artean, eta ez dagoelako genetika trukerik».
Enekoitz Telleria Sarriegi. Berria
Artikulu horrek gogorarazi dit Anjel Lertxundiren honako hau, aspaldi txoko honetan jaso genuena:
Hizkuntza, hitzak, estiloa. Azken ehun urteotan desagertu dira inoiz entzun edo irakurri ez ditudan hizkuntzak. Beti piztu dit jakin-mina hizkuntza baten azken hiztunen heriotzak. Zer gertatzen da halakoetan? Zein da beren azken pentsamendua? Imajinatzen ditut hitzak une batez flotatzen hildakoaren gainean, kontzientzia guztiarekin ez direla lurrera itzuliko. Pentsamendua espresatzen da hizkuntzan ere. Nolakoa ote da pentsatzea inork inoiz gehiago entzungo ez dituen hitzekin?” (Cees Nooteboom, 533 egun).
Anjel Lertxundik Hitzatzea idatzi zuen Harkaitz Canoren Azken Aurreko Manifestuan
https://commons.wikimedia.org/wiki/File:65980-Arriskuan_dauden_hizkuntzak_munduan_2010ean.svg