Lander Iruretagoiena (Bilbo, 1980) irakaslea da. Mintzaneten bidelaguna (laguntzailea) da eta pozik dago euskara praktikatzen laguntzen. “Mintzanet beharrezkoa eta ezinbestekoa da, behar bati erantzuten dio, eta ideia ona izateaz gain, ez da soilik Interneten askatu den plataforma bat, bikoteak berez sor daitezen. Arduradunak egiten duen lanari esker, bikoteak arinago antolatzen dira”, esan du.
Landerrek telefonoz hitz egiten du bere bidelariarekin, Durangoko gizon batekin. Horrela, autobusean dagoen tartea aprobetxatzen du. Orain arte, bi pertsonei lagundu die. Lehenbizikoak bere helburua bete zuen eta utzi egin zuen; bigarrena jubilatua da eta “ondo” moldatzen dira. “Jariotasuna lantzen dugu”, esan du.
Bere ustez, euskara identitatea definitzen duen “elementu adierazgarriena” da. “Nik euskara ez dut maite. Akaso, madrildar, alemaniar edo italiar batek bere hizkuntza maite du? Hizkuntza guztien artetik, bada bat, ama hizkuntza hain zuzen, besteen gainetik dagoena. Hizkuntza horrekin bat egiten duten elementu kulturalak eta erreferentziak kirol, politika, arte edo aisian… barneratuak ditu norberak”, azpimarratu du Landerrek.
Zentzu horretan, bilbotar honen ustez, bere profila duten pertsonak “ikastolan D ereduan ikasitakoak, baina Bilbo bezalako inguru soziolinguistiko erdaldunean, euskara erreferentzia dugu”. “Azken finean, euskara diglosian bizi da eta erdararekin eta zoritxarrez, nahiko asimilatuta dugu gaztelania”, gaineratu du. Hala ere, esan duenaren arabera, euskarak bere bizitzari “zentzua” ematen dio. “Ni euskara-irakaslea naiz, baina horretaz gain sustatzaile ere banaiz. Irakasle naiz, zaletasunez eta ofizioz”. Horregatik, liburu fisiko eta birtual bat sortu du: www.euskaragara.net, “ikasten eta irakasten laguntzeko”. Gainera, aurten liburu fisikoaren 4. edizioa aterako du, bi blog ditu eta Youtubeko kanal bat.