Maddi Zubeldia

Maddi Zubeldia, bidelaguna: “Euskara zementu duela komunitate berria osatzea abentura polita da”

“Maddi dut izena. Donostian sortu nintzen duela 59 urte eta Lapurdin bizi naiz haurtzarotik. Irakaslea naiz Seaskan, Azkaingo ikastolan. Irakurzalea, kantuzalea naiz eta lanetik kanpo idatzi eta kantatu ere egiten dut.

Mintzaneten berri adiskide baten bitartez ukan nuen duela pare bat urte, eta buruaren xoko batean gorde nuen parte hartzeko xedea. Ez nuen berehala funtsa egin, baina noiztenka gogora heldu zitzaidan, geroko uzten den betebehar baten gisara, eta  joan den udan tartetxo bat hartu nuen izena emateko, pentsatuz udazkenean-edo hasiko nintzela beharbada… Eta hara non eskaini zidaten berehala hastea, Inigo Iruskieta bidelariarekin. Aitzina beraz!

Iñigo Londresen bizi den  bizkaitarra da, euskara ez ikasia edo ahantzia duena. Hunkigarria izan da niretzat haren karra, eta orduan ohartu naiz niretzat hain lan gutxi eskatzen zuenak nolako garrantzia zuen Iñigorentzat. Beti sentitu izan naiz kolibriaren taldekoa: nire partea egiten dut, ur ttantta bat baizik ez bada ere, neuk neurea isuri nahi dut. Betidanik aritu naiz euskal elkarteetan, ikastoletan, gau eskoletan euskara suspertzeko lanean, eta gustura, baina aitortu behar dut ez nuela uste inork nire ur ttanttari horrenbesteko zaporea hartuko zionik Iñigo ezagutu arte. Gizon honen motibazioa miresgarria da, baita ikasten ematen duen grina ere. Alor askotan nik baino gehiago daki, eta batak bestearengandik ikasten dugu.

Asteazkenero dugu hitzordua, ordu erdiko saioan. Saioa bi zatitan antolatu ohi dugu: lehen partean, modu informalean ari gara bakoitza bere astearen berri bertzeari ematen, gai berezirik landu gabe. Iñigo sendagilea da, eta pandemiaren azken datuak errepasatzen ditu, Londresen gertatzen dena jakiteaz gain hemengo berri ere nik baino hobeki baitaki! Horrek behartzen nau asteazkenetan Berria usaian baino zehazkiago irakurtzera, eta kirolen orrialdeari ere behako bat ematera, Athletic zertan den jakiteko, zale sutsua baita!

Bigarren zatian ariketa batzuk prestatzen ditugu. Gaztelaniaz prestatzen ditut esaldi batzuk eta Iñigok euskarara itzultzen ditu. Saiatzen naiz harrapatzen, baina ez da zepora aise erortzen! Horrela iragaten da saioa, umore onean eta gustura. Duela gutxi, kontatu dit bere anaiarekin bideoz egon zela, eta elkarrizketa osoan euskaraz egin zutela, lehendabiziko aldiz! Ez al da zoragarria?

Zinez proiektu honetan parte hartzera animatzen zaitut, irakurle, euskara zementu duela komunitate berria osatzea abentura polita baita. Ur ttantta bat baizik ez bada ere, zein gozoa den gurea!”

Maddi Zubeldia, Mintzanet bere ahotan

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude