Maizpide barnetegian egoiliar diren Mintzaneteko lagunak bisitan izan ditugu

Argentina, Txile eta Uruguain bizi diren Mintzaneteko hainbat lagun Euskal Herrian ditugu dagoeneko, eta egitasmoa kudeatzen duten Ritxi Lizartza eta Ander Makazagarekin elkartu dira Donostian. Hilabete t’erdiko egonaldia egiten ari dira Lazkaoko Maizpide Euskaltegian, eta zenbait, beren herriko euskara irakasle izateko prest itzuliko dira etxera.

Andrea Bellak, Laura Morenok, Sebastian Amayak, Begoña Tiserak, Florencia Denizek eta Alfredo Labordek COVID-19 birusak eragindako pandemia bete-betean bisitatu dute Euskal Herria. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan parte hartzen ari dira, eta Hego Ameriketatik etorritako beste lau kiderekin batera otsaila bukaerara arte jasoko dituzte eskolak. Mintzaneteko kide diren egoiliarrei ongi etorria ematera, gainera, Rafa Retegi eta Ainara Maia bidelagunak zein 2020az geroztik Donostian bertan bizi den Valeria Garcia Oyarzabal argentinarra hurbildu zaizkie. Aipatzekoa da, besteak beste, Retegik eta Labordek aurrenekoz ikusi dutela elkar aurrez aurre.

Euskara Munduan programan parte hartzen ari den taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten, eta urte hauetako prestakuntzaren ostean, Euskal Herrian lehenengoz egingo dute ikastaro trinkoa. Behin bukatuta, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Urte hauetan zehar online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte, eta Lazkaon hasi berri duten egonaldiaren helburua euskalduntze maila igotzea da: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a. Ikasleek Maizpideko programa jarraituko dute eta bertako ikasleekin nahastuko dira taldeetan. Hasiera batean asmoa familia euskaldunetan kokatzea bazen ere, bizi dugun pandemia egoera dela eta, Maizpide barnetegian hartuko dute ostatu, osasun neurri guztiak bermatuta.

Zutik: Valeria Garcia, Alfredo Laborde, Rafa Retegi, Ainara Maia, Andrea Bella, Laura Moreno, Begoña Tisera, Florencia Deniz, Ander Makazaga / Eserita: Ritxi Lizartza, Sebastian Amaya

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude