Natalia Urcola

Natalia Urcola, bidelaria: “Mintzamenean sumatu dut hobekuntza. Nire irakasleak eta ikasleak harrituta daude”

Bigarren hezkuntzako irakaslea da Natalia Soledad Urcola General Belgranon (Buenos Aireseko probintzia, Argentina). Fisika eta Kimika erakusten die gazteei, baina familiarekin eta lagunekin egotea ere asko gustatzen zaiola aitortu digu, lorategian aritzea zein txakurrarekin paseoan ibiltzea: “Oso ona eta langilea naiz, ama naiz, alaba naiz, arreba naiz, euskara ikaslea naiz.”

Hain zuzen ere, duela lau urte erabaki zuen Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren bidez euskara ikasten hastea. Ikaskideek gomendatuta, Mintzanet egitasmoan izena ematera ere animatu zen: “Nire motibazioa euskara entzutea, ulertzea, hitz egitea eta transmititzea dira. Mintzaneten horixe lortzea espero nuen eta egia esanda, mintzamenean sumatu dut hobekuntza. Nire irakasleak eta ikasleak harrituta daude”.

Urtebete darama Nataliak euskara online praktikatzen, eta bi bidelagun izan ditu: “Imanol Ahedo bizkaitarrarekin hasi nintzen hizketan, baina unibertsitatearekin eta lanarekin ezin izaten zen sarri konektatu. Orduan, mintzalagun berri batekin elkartu ninduten, eta apiriletik Arantzazu Azpillagarekin egiten ditut saioak”. Astero-astero, ordubete aritzen dira, eta orotariko gaiak izaten dituzte abiapuntu: “Esango nuke oso harreman ona dugula, whatsapp bidez hitz egiten dugu, eta batzuetan argazkiak bidaltzen dizkiogu elkarri; harenak Euskal Herriko lekuenak izaten dira. Primeran moldatzen naiz berarekin, eta zerbait ulertzen ez badut errepikatzeko eskatzen diot; beti argi eta garbi hitz egiten du”.

Birraitonaren hizkuntzaz maiteminduta

Argentinan bizi denez gero, Nataliaren inguruan apenas entzuten eta erabiltzen da euskara. Belgranon euskaldunak badirela aitortu digu, baina euskaraz aritzen direnak gutxi dira. Bada, bertako Euskal Etxean hartzen ditu eskolak, eta 2021etik online ari da. Gainera, zenbait talderi euskara irakasten die ere: “Niretzat euskara oso inportantea da. Birraitonaren hizkuntza zen, eta ez dut desagertzerik nahi. Aitzitik, zabaldu nahiko nuke”.

Bidean Mintzanetekin egin du topo, eta esan digunez, oso gustura dago euskaldunekin hitz egiteko aukera ematen diolako: “Kultura hobeto ezagutu dezaket, hamar mila kilometrotik gorako distantziara gaude, eta elkarrekin harremanetan jar gaitezke. Zeharo erosoa da. Mila esker Mintzaneten parte izaten uzteagatik!”

You Might Also Like

2 thoughts on “Natalia Urcola, bidelaria: “Mintzamenean sumatu dut hobekuntza. Nire irakasleak eta ikasleak harrituta daude”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude