Mintzanet egitasmoak (euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen ekimenak) 10 urte bete zituen 2022an, eta Covid 19aren pandemiaren ondorioz aurreko bi urteetan antolatzerik izan ez genuen MINTZANET EGUNA berreskuratuz ospatu genuen. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Getxoko Romo Kultur Etxean elkartu genituen ziren eta bidelariak, eta oroigarriak banatu genituen.
Bada, hilabete gutxi batzuk igaro direla jakitun, inoiz baino goizago iritsi zaigu 2023ko ekitaldia. Indarrak batuta, mintzapraktikaren festa handira batu da Mintzanet: maiatzaren 27an, Donostian bertan, duela hamarkada bat Mintzanet jaio zen hirian ospatu dugu MINTZANET EGUNA, Euskaltzaleen Topaguneak eta Bagera – Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako Mintza Eguna 2023 festa erraldoiaren baitan. Eta noski, esker emate ekitaldian, MINTZANET SARIAK ere banatu ditugu!
Bidelari Onena: Marta De Pedis
Italiarra da, jaiotzez, Erromakoa. Hizkuntza Modernoak ikasi zituen unibertsitatean, eta bertan izan zuen, hain zuzen ere, euskararekin lehen hartu-emana. Gaur egun, hizkuntzalaria da, eta Gasteizen bizi da.
Lagunei euskara ikasteko asmoa azaldu zienean, harriduraz erantzun ziotela aitortu digu: “Zergatik? Izugarri zaila da, ulertzeko eta ikasteko ezinezkoa”. Hitzok erronka pertsonal bilakatu zituen, eta egun, harro dago euskal kulturaren parte sentitzen baita.
Mintzanet Bere Ahotan atalean izan erromatarrarekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta zera aitortu zigun: “Errespetu kontua da. Horregatik erabaki dut euskara ikastea”
Bidelagun Onena: Anabel Ispizua Urzaa
Euskara irakaslea izandakoa da gernikarra. 2017az geroztik da bidelaguna, eta ordutik lauzpabost bidelarirekin aritu da jardunean. Denekin ere, oso gustura sentitu izan dela aitortu digu, “bakoitzaren beharrei laguntzen” ahalegindu dela.
Anabelekin euskara praktikatu dutenek estimu handia diote, bai Esti Castaño Bujandak, Karmel Martinek, Maria Ines uruguaitarrak eta Raquel Simal de la Torrek.
Aipamen Berezia: Iñigo Bilbao
Mintzanet egitasmoko lagun handia dugu IÑIGO BILBAO getxoztarra. Urte luzez bidelaguna izan da, eta hutsik egin gabe parte hartu du antolatu ditugun ekimen, jardunaldi eta enkontruetan.
Getxoztarrarena dugu, hain zuzen ere, Mintzaneten aldeko aldarria izeneko bertso zoragarria, Mintzanet Eguna ospatzen dugun bakoitzean aho batez abesten duguna, eta betirako bihotzean izango duguna.
Mintzanet Sariak 2023 jaso dituzten Iñigo Bilbao getxoztarra (Aipamen berezia) eta Anabel Ispizua Urzaa gernikarra (Bidelagun onena) elkarrizketatu dituzte Bizkaia Irratian. Bata zein bestea bidelagunak dira, eta beharra dutenei euskara praktikatzen laguntzera animatu dituzte herritarrak
Entzun elkarrizketa, JARRAIAN
Hasi dugu Mintzodromoa munduko mintzalagunekin @topagunea @BAGERAelkartea @jalgi_hadi pic.twitter.com/Gm8o2651bJ
— mintzanet (@mintzanet) May 27, 2023
Elkar ezagutzeko aukera izan ohi dute bidelagun eta bidelariek MINTZANET EGUNEAN. Esperientziak trukatu eta komunitate baten parte direla sentitzen dira, horregatik, asko estimatzen duten eguna izaten da. Bada, Mintza Eguna 2023 ekimenera batuta, Euskal Herriko eta diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak elkartu ditugu maiatzaren 27an, Donostian, eta mundu osoko kideekin hizketan aritzeko tartea izan dute San Telmo Elizan egin den mintzodromoan.
Hitzordu zinez berezia izan da larunbatekoa, eta batetik zein bestetik jasotako argazkiekin bildumatxoa osatu dugu:
(Ikusgai duzue Irutxuloko Hitzaren galeria)
(Ikusgai duzue Euskaltzaleen Topagunearen galeria)