Asier Basurto-Soziolinguistika klusterra

“Mundua eta Euskal Herria asko eta azkar aldatzen ari da; aldaketa horiek ulertzea eta esku hartzeak testuinguru berrietara egokitzea dagokigu orain”

Asier Basurto. Soziolinguistika Klusterreko kide eta komunikazio arduraduna

Euskal Soziolinguistika jardunaldiak egin dira aste honetan Bilbon, euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzak aztertu eta testuinguruan kokatuz, aurrera begira eragin dezaketen faktore ezberdinak aztertu eta euskalgintzatik erarik zuzenean jokatzeko helburuarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia aretoan, 80 bat lagun batu eta bulegoetatik konektatuta beste 35 pertsona egon ziren. Euskararen profesionalak, euskalgintzako kideak, soziolinguistika adituak, euskara teknikariak, militanteak eta euskaltzaleak oro har.

Mintzanet plataformak jardunaldia zuzenean jarraitu zuen, sare sozialetatik informatu, eztabaidetan parte hartu eta ondorioak sozializatzeko lanean dihardu. Mintzapraktika jarduerak, ingurune digitala eta gure egitekoak ere norabide berean eta datozen testuinguruak aztertuz lantzeko.

Asier Basurto, Soziolinguista Klusterreko kide eta komunikazio arduradunak, une oro beharrezko informazioa modu atseginean helarazi zigun, eta elkarrizketa honetako galderak ere, datu, jakintza eta patxada handiz erantzun ditu.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak aurten, Kale Neurketaren datu berriekin batera gogoeta zenbait bultzatu ditu Bilboko egindako topaketan. Entzundakoak entzunda, zer azpimarratuko zenukete?

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen kale erabileraren neurketarekin eta Euskal Soziolinguistika Jardunaldiarekin egoera soziolinguistikoa ezagutzeko tresna zientifikoak eskaintzea eta hausnarketa partekaturako gunea jartzea bilatzen du. Batetik, Euskal Herriko kaleetako hizkuntzen erabileraren argazki xehea eta konplexua aurkeztu dugu, aurreko edizioetan bezala. Aurreiritziak, eta ñabardurarik gabeko ikuspegiak saihesteko baliabide garrantzitsua da hori.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldian parte hartzen duten pertsonen profila kualifikatua da. Euskararen biziberritzean egiteko desberdinetan diharduten espezialistak dira gehienak eta, gonbidatutako hizlariez gain, arretaz jarraitzen ditugu tailerretan eta saioa parte hartzaileetan egiten diren hausnarketak. Kasu honetan hiriguneen erronka, arnasguneetan ikusitako bilakaera beherakorra eta 25-44 urte arteko heldu-gazteetan ikusitako zenbait joerak, adibidez, parte hartzaileen arreta bereganatu dute.

Espazioaren erabilera publikoa, demografia datuen gorabeherak, fluxu berriak… egoera aztertzeko datu eta ikuspegi asko partekatu dira jardunaldian. Etorkizunean, hizkuntzaren erabilera indartzeko nor jarri beharko lirateke lehentasunak?

Euskararen erabilerarako baldintzak zein kanpo-faktoreren araberakoak diren jarri nahi izan dugu lehen lerroan. Alde batetik kaleetan behatutako erabileraren irakurketa egiteko. Eta bestetik, etorkizunean faktore horiek izan dezaketen bilakaera aurreikusita, euskararen aldeko baldintzak sortzeko erronkak identifikatu nahian. Mundua eta Euskal Herria asko eta azkar aldatzen ari da. Aldaketa horiek ulertzea eta esku hartzeak testuinguru berrietara egokitzea da egin beharrekoa.

Euskararen ezagutza unibertsalizatzea euskararen biziberritze osora bidean tarteko helburu bezala ulertzeko aski adostasun badagoela ikusten dugu. Hortik haratago, erabilera erosorako baldintzak sortzea da gakoa. Hamaika modu egon daitezke horretarako, batzuk aipatzearren, hiriguneetako euskaldunen saretzea eta trinkotzea, arnasguneetako baldintzak babesteko neurriak hartzea, atzerritik heldutako herritarrak euskara hurbiltzeko bideak jartzea, eremu digitaleko testuinguruan baliabideak bermatzea, eremu sozioekonomikoan eragitea…

Argazkia: Soziolinguistika Klusterra

Soziolinguistika Klusterrean eragile asko eta ezberdinak ari dira lanean gaur egun, euskalgintzak urrats berriak eman beharko ditu beharbada, berez oso zaurgarria den hizkuntz komunitatea bizkortzeko

Soziolinguistika Klusterrak duela 18 urte bere sorrera eragin zuten beharrei erantzuten die gaur egun ere. Euskararen biziberritze prozesua elikatzeko ezagutza soziolinguistikoa sortzen eta zabaltzen dugu. Unibertsitateko ikerlariak, arduradun politikoak, teknikariak, aholkulariak eta aktibistak elkarlanean aritzen dira gure proiektuetan teoria eta arlo aplikatuaren zubiak eraikiz. Egoera zaurgarrian gauden hizkuntza gutxituen kasuan, garrantzia berezia hartzen du berrikuntza faktoreak. Aldaketa orori adi egon eta ideia berriak, politika berriak, tresna berriak sortzea ezinbestekoa da, komunitate bezala unean uneko testuinguruetan jokatzen asmatzeko.

Atzoko jardunaldiaren irakurketa, ikuspegi eta datu guztien artean, badago oso aintzat hartzeko kontu bat, Iñaki Iurrebasok defendatu zuenez, kalean erabiltzen den kopurua aski altua da, benetan euskaraz hobeto hitz egiten dutela aitortzen duten euskaldun kopurua ikusita. Nola hartu duzue irakurketa hori? Nola hedatu?

Oso irakurketa interesgarria da. Adierazle soziolinguistiko gisa erabiltzen ditugun datuen arabera egoera ikusteko modua nola aldatzen den uzten du agerian lan horrek. Euskaraz mintzatzeko gai diren pertsona-multzoan nagusi den profila aldatu egin da azken 30 urteotan. Baina gizartean hizkuntza-gaitasunaren arabera hedatuen dauden kategoriak edo hitzak ez dira une berean aldatu (euskaldunak, erdaldunak…). Horrek disonantzia batzuk eragin ditu eta pertsona batzuengandik espero izan da beren ezaugarri soziolinguistikoetatik espero zitekeena baino euskararako joera handiagoa. Euskararen gaitasunean egoera oso sendoa denaren ideia zalantzan jarri du, eta beraz, kaleetan behatutako erabilera maila interpretatzeko elementu interesgarriak eskaini ditu, besteak beste. Saioan aurkeztutakoak Iñaki Iurrebaso garatzen ari dek doktorego tesiaren parte da eta Klusterretik berarekin dugun harremanaren baitan arretaz jarraituko dugu lan osoa.

Irakurketa honen ostean, eta jardunaldia behin burututa, orain zer?

Kale neurketaren emaitzei dagokionez, udalerri mailako neurketa bereziak egin dituzten udalak aste hauetan ari dira jasotzen emaitzen txostenak. Zabalpena bakoitzak bere irizpideen arabera egingo du. Horietako batzuen kasuan, uda ostean herri mailako aurkezpena egingo da; tartean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Zabalpen akademikoari dagokionez, uztailan Belgikako Ganten aurkeztuko dugu kale neurketaren metodologia eta emaitza nagusiak, mundu mailako soziolinguistikaren topagune handiena den Sociolinguistics Symposiumean. Irailean Herrialde Kataletan egingo den hizkuntza gutxituen eta indigenen nazioarteko kongresu batean ere aurkeztuko dira emaitzak. Bat soziolinguistika aldizkariak zenbaki monografikoa eskainiko dio gaiari, urtea amaitu baino lehen argitaratuko dena.

Kaleetako erabileraren argazki berritua esku artean dugu denok. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ere hurrengo hilabeteetan eskuratuko ditugu. Tresna horiek baliatzeko unea da. Bakoitzak beretik; arduradunek politikak birpentsatu eta berritzeko; teknikariek plangintzak eta ekintza-planekin beste horrenbeste; ikerlariek gehiago sakondu beharreko elementuak identifikatu eta aztertzeko… 

Argazkia: Soziolinguistika Klusterra

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude