Zarautzen bizi bada ere, jaiotzez goierritarra da Nagore Etxezarreta (1985). Euskal Telebistako ‘Euskalonski’ saioaren bitartez izan zuen Mintzaneten berri, Pello Reparaz musikari eta telebista aurkezleak elkarrizketatutako italiar batek “bere euskara praktikatu eta hobetu ahal izateko erabiltzen zituen bideen berri eman zuenean”, hain zuzen ere. Egitasmoa “benetan interesgarria eta aberasgarria” iruditu zitzaion, eta horregatik, parte hartzera animatu zela esan digu.
Astean behin, astelehen gauetan, Whatsapp bidez hitzartzen da bere bidelari mexikarrarekin, eta harreman oso polita sortu dute: “Saioak beti luzatzen zaizkigu 30 minutu baino gehiago, normalean ordubetekoak egiten ditugu, bizkor pasatzen baita denbora gustura zaudenean. Duela gutxi hasi ginen gure saioekin, baina zeharo hunkitu ninduen horren gaztea izanik euskara nola ikasi duen eta euskal kulturako zenbat gauzen ezagutza duen ikusteak”.
Euskalkian hitz egiten dio Etxezarretak bere bidelariari, hark hala eskatuta. Eta izaten dituzten solasaldietan goierritarra ohartu da bera ere etengabe ikasten ari dela: “Egunerokotasunean ez gara konturatzen edo nahi gabe ateratzen zaizkigu erdarakadak, eta ez diogu behar adina garrantzi ematen, baina bidelariarekin kontzientzia handiagoa hartu dut, esan genezake berak praktikatzen eta hobetzen duen heinean nik ere lan berdina egiten dudala”.
Euskara ama hizkuntza duela aldarrikatu digu Etxezarretak, “nire nortasuna da, altxor bat, balore eta kultura”. Hala, “euskara bizirik mantendu eta zabaltzeko” aukera ematen duen Mintzanet egitasmoa “dudarik gabe gomendatzen” du: “Hizkuntza ikasi eta hobetzeko onena hitz egin eta praktikatzea da, eta Mintzanet euskara ikasi nahi duen horrentzat tresna baliagarria da”.