Nirmine-mintzanet

Nirmine Talbi Enfeddal, bidelaria: “Abantaila nagusiena online egiten dela da; erosoa iruditu zait”

Madrilen jaio bazen ere, Bilbon bizi da egun Nirmine Talbi Enfeddal (1995). Oso pertsona alaitzat du bere burua, eta irakurzalea da. Lana dela-eta, euskara ikasten hasi zen hutsetik, eta dagoeneko B2 maila gainditu du.

Bere inguruan, “tamalez”, euskara oso gutxi hitz egiten dela sumatu du, horregatik, ezarritako helburua lortzeko mintzalagun saioak baliatu ditu, tartean, Mintzanet. Asteroko praktikaldiei esker, ahozkotasuna, hitz jarioa eta ulermen gaitasunak hobetu dituela esan digu: “Mintzanet oso baliagarria izan da. Abantaila nagusiena online egiten dela da; erosoa iruditu zait”.

Barnetegian euskara ikasten zegoela izan zuen Nirminek Mintzaneten berri, eta ordutegi finkorik gabe, txandaka lan egiten duenez, online aukera probatzea erabaki zuen. Izena eman bezain laster Julen Ansotegi bidelagun gasteiztarrarekin elkartu genuen, eta hark aipatu zigunez, “saio libreak egiten saiatzen gara, bizitzari buruz hitz egiten, hizkuntza-jokoak egiten, musika gomendatuz… edozer; konfiantza lortzea da azkenean saioen muina eta euskara normaltasunez eta patxadaz erabiltzea”.

Bada, astero-astero finkatzen dute hitzordua, eta harreman oso ona ondu dute: “Oso erosoa izan da, Julenek nire adinkidea delako. Oso jatorra izan denez, niretzat super dibertigarria izan da”.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude