Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen |
|
Artikulua
Sasiletratuak
Irrati-tertuliakide bati entzun nion lehengoan, euskaraz ondo hitz egiteko, iritzi esan behar omen zela, eta tristura sartu zitzaidan, tristura eta beldur pixka bat. Gogorazi zizkidan Valladolideko gaztelera bezalakorik ez zegoela esaten zuten haiek.
Euskaraz ondo eta oso ondo ere hitz egin dezake iritzi esaten duenak (edo ez), baita ere iritzi, iritxi, eritxi edo halakoak esaten dituztenek ere. Dagokiona adierazteko erabiltzen bada, ondo esana da; esaldia euskaraz pentsatua eta gramatika-hutsik gabea bada, orduan euskara onean esana da.
Beste gauza bat da, beste gauza bat, Euskaltzaindiak zein forma hartu duen Batuaz idazten denerako edo Batuaz hitz egin behar dutenentzat (telebistako berri-emaileentzat, kasu). Gainerakoetan, hiztunak egin dezala euskaraz, ahalik eta ongien, ahalik eta aberatsen, baina batik bat egin dezala. Izan dadila bere burua euskaraz adierazteko gai eta egin dezala euskaraz libre, beldurrik eta trabarik gabe, eraiki dezala hizkuntza, berea baitu (eskerrak).
Ez gaitezen neurosiaren sareetan eror. Gogoratu bokal bat gorabehera afasiko gelditu zen herriaz. Batuak aberastu egin behar gaitu, ez uniformatu. Araua behar da, baina exageratu gabe. Ez dezala inork pentsa euskaraz ondo egitea beti Batuaz hitz egitea denik.
Lourdes Oñederra
Egunkaria