Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
|
Artikulua
Imajinatzen?
Interneteko reddit foroan hari bitxi bat dago. Norbaitek galdera hau botatzen die gorrak izan diren eta entzumena neurriren batean berreskuratu duten pertsonei: ba al da zarata jakin bat izango zuela uste zenuen zerbait, gero, entzumena berreskuratzean, harrituta utzi zaituena zaratarik egiten ez duelako?
Erantzunak pasadizoz beteta daude: harrituta daude batzuk haizeak zarata egiten duelako, eta aldiz, elurrak ez, eta ezta eguzki-argiak ere; komuneko ponpari tiratzean ateratzen den eskandaluarekin oihu egin zuenik badago; beste batek titiek soinua egingo zutela pentsatzen zuen; espero ez zituzten soinuen artean agertzen dira norbere pausoen zarata, erlojuen tik-taka, bulegoetako klik, klak, klonk guztiak, kilkerren edo txorien kantua, puzkerren soinua, argi fluoreszenteena, paperarena…
Errealitate baten aurrean informazioa falta zaigunean, imajinazioak hartzen du bere gain istorioa osatzeko lana, eguzkiari melodia jartzen dionak nola. Egunerokotasunean jabetu gabe egiten dugu: pertsona batzuk zerbitzari muturtuari zakarkeria injustifikatua eta beste batzuk prekarietatea diagnostikatuko diote. Deiari erantzun ez dion lagunari zerbait txarra gertatu zaiola imajinatzen dute batzuek, berekoi hutsa dela beste batzuek. Pelikulak sortzen ditugu uneoro.
Artea
Elena Mendizabal, Artiumen, apirilaren 19ra arte
Ismael Manterolaren kritika, Berrian:
(…) Artearekin harremanetan izaten dudan amodio-gorroto bikoiztasunaren barruan sartuta nenbilela, Elena Mendizabalen erakusketa ikuste hutsak artearekin berradiskidetu ninduen. Gustura ikusi nituen Gema Intxaustiren hasierako lanak, aspaldi ikusi gabekoak; baina testuekin egindako azken urteko instalazioen erdian ia zorabiatuta geratu nintzenean, artearekin gozatu daitekeela pentsatuz irten nintzen Artiumetik…