Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Perpaus jokatuekin, baldintzazko perpausak osatzeko beste bidea non (eta) ez… -n moldea da:
– Bihar horretaz mintzatuko dira, non ez diegun holako gairik aipatzea debekatzen.
Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da bereziki baldintza mota hau. Beti ezezko perpausak izaten dira, eta non lokailua daukalarik hastapenean, –n du menderagailua.
Mendebaldeko euskalkietan eta ager daiteke non lokailuaren ondotik:
– Ibaiak bere bidetik irtengo dira, non eta ez duen atertzen laster; Non eta sokaz lotzen ez nauten, ni hemendik irtengo naiz.
Bestalde, nabarmendu behar da, azken adibidean adizki laguntzailea eta ezezkotasuna ez direla perpausaren hastapenean, non lokailuaren ondoko lehen posizioan. Erabide hau ere zilegi da, nahiz doi bat markatua den Iparraldeko euskalkien erabilera nagusiaren eretzean.
Non (eta) ez… -n moldea erabiliz osatutako adibideetan, baldintzazko perpausak salbuespen zentzua oso zorrotza du, ondore perpausari begira. Izan ere, ondore perpauseko baieztapena urra dezakeen salbuespen bakar gisa agertzen da baldintzan adierazia. Horrelako baldintza ba– aurrizkia erabiliz adierazteko, behintzat edo, areago, salbu gainera daiteke, baldintzazko perpausa ezezkoan utzirik lehen kasuan (Bihar horretaz mintzatuko dira, holako gairik aipatzea debekatzen ez badiezu behintzat); ez, ordea, bigarrenean (Bihar horretaz mintzatuko dira, salbu holako gairik aipatzea debekatzen badiezu).
Elhuyar hiztegian:
noiz eta uste baituzu heriotza urrun dela, orduan ohi dago hurbilenik: cuando crees que la muerte está lejos, entonces suele estar cerca
etorriko da eguna noiz eta ezin izango baikara kalera ere irten: llegará el día en que ni siquiera podremos salir a la calle
– non ere (donde; dondequiera que)
gizona non ere harrapatu zuten, leku hori zein izan zen zehatz jakiterik ez genuen sekula izango: dondequiera que hubiesen cogido al hombre, nunca sabríamos con exactitud en qué lugar fue
– non (eta)… ez… -(e)n (a no ser que, si no es que, excepto cuando, salvo)
urrats bakarra ez dute egiten non ez den beharrezkoa: no dan ni un paso a no ser que sea necesario
ez dute batere lanik egiten, non ez den beren onerako: no trabajan nada si no es en su propio provecho