Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Iritzia
Bi iritzi hauek jaso ditugu asteburuko Berrian:
(…) Funtsean gizarteak idazleari buruz daukan ikuspegia dago jokoan. Eta kulturak, orokorrean (idazleok barne) espazioa eta prestigioa galdu du, erabaki politikoen ondorioz. Nork irabazi du? Ostalaritzak, gastronomiak, kirolak… Hitz batean: entretenimenduak. Pentsamenduaren aurkako politikak egin dira, erraz asetzeko grina apetatsuen aldekoak. Turismoa da mintzagai nagusia aspaldi, ez euskararen egoera.
Nabarmena da EITBren apustua: gaur egun bost programa dauzka sukaldaritzaz, bat literaturaz, eta ordurik txarrenean. Baina hamabost programa gastronomiko ere izatera iritsi da urteotan. Kirolarekiko inflazioa Hodei Etxartek deskribatu du ederki, igande bateko bere esperientzian oinarrituz: «Euskadi Irratian bederatzi kirol ordu izan bitartean, France Interren ordubeteko bederatzi saio izan zituzten». Saioak zertaz? Gastronomia, politika, artzaintza, literatura, psikologia, kirola (37 minutu egun osoan… Eta amaitzen du esanez: «Ez dut sinesten euskaldunei asteburu osoan interesatzen zaien gai bakarra kirola denik».
Udaletxe gehienek ere ez dute ezer egiten liburuen alde; euren kemen eta aurrekontu gehienak gastronomiara bideratzen dituzte: bakailao astea, hanburgesa dastaketa, garagardo fest eta tripaki lehiaketa… Ezin ditugu denak arinkeriaren zakuan sartu, badaude aldeak. Gugandik hurbilen dauden erakundeak dira, denon diruez elikatuak, baina ia ezer ez dator itzulian sortzaileongana. Kulturako diruak kulturaren kudeaketan galtzen dira, udaletxe bakoitzak sortu duen euskara eta kultur teknikarien sare erraldoian; haien soldatek xurgatzen dituzten milioika euro horien azpiko lehortean bizi gara. Eta hori ere politika da; politika anti-kulturala.(…)
Pako Aristi. Berria
Idazleen lanari nahikoa balio ematen al zaio Euskal Herrian?
Gure elkarte gastronomiko sonatu horietako batek mendea edo erdia betetzen duenetako ospakizunetan, parrileroari profesional gisa ordaintzen diote; elkartearen historia idazten duena, onenean ere, oparitxo batekin konformatzen da. Onak gaude poeta bati ordaintzeko.
Ramon Etxezarreta. Berria