Patrizia Telletxea (Azkain, 1976) irakaslea da. Sare sozialen bidez Mintzaneten berri izan zuen eta proiektu “ederra” iruditu zitzaion: “Alde batetik, euskarari bertze eremu bat gehiago zabaltzen diolako eta, bertze aldetik, munduko edozein euskalduni euskara praktikatzeko aukera ematen diolako”.
Astero hitz egiten du bere bidelariarekin, Getxoko neska batekin. “Elkar ezagutzen ari gara, baina dagoneko pertsona berri bat eta bere mundua ezagutzeko parada eman dit”, esan du.
Patriziak euskararekin duen esperientzia bitxia da. Beti entzun izan du etxean. Horregatik, euskara bere ama hizkuntza dela esaten du, “etxeko hizkuntza”. “Baina Iparraldeko gure belaunaldiko hainbat lagun bezala, eskolan hasi ginenean, frantsesa nagusitu zen etxean. Horren ondorioz, hamabi urtez euskara ongi ulertzen nuen, baina mintzatzeko zailtasunak nituen”, azaldu du.
Orduan, euskaraz hitz egiteko gaitasuna “berreskuratzea” erabaki zuen: “Ahal nuen guztietan euskaraz mintzatuz, irakurriz, euskara ikasteko metodoak jarraituz… Ikasketak bukatu eta Euskal Herrira itzuli nintzenean, AEK-ko alfabetatze ikastaroak egin nituen eta urte horretan EGA lortu nuen. Geroztik, eskola publikoan euskaraz irakasten dut”.
Egin duen esfortzuak ondorioak izan ditu: “Familian, euskaraz bizi gara berriro, eta hori garaipen zoragarria da guretzat”. “Orain, gogo-bihotzez transmititu eta biziarazi nahi dudan hizkuntza da euskara; beti ikasten segituz eta hobekiago menderatzen entseiatuz”, gaineratu du.
Zentzu horretan, Mintzanet “dudarik gabe” gomendatzen du. Ekimen hau “tresna ezin hobea” dela dio euskara praktikatu nahi duenarentzat. “Erabiltzeko erraza eta elkarrizketa naturalak eta hurbilak izateko aukera ematen du, eta eremu ez euskaldunetan edo nagusiki erdaldunetan bizi diren euskaldunei aukera hau ematea ezinbestekoa dela iruditzen zait”, azpimarratu du.