Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Poesia eta musika
Ruper Ordorikaren Lurrean etzanda diskotik hartutako abestia da honako hau.
Dionisio Cañasen “Cerca del cielo no se vive bien” poesia da, eta Eva Linazasorok euskaratu du.
Merezi du entzuten dugun bitartean irakurtzea, patxadaz.
Zerutik gertu ez da ondo egoten,
nik badakit luzaro bizi izan naizelako
lurraren era zeruaren artean.
Hobea da hemengo
bazter txiki hau
non egunsentiko xoriek deitzen zaituzten,
non xinaurriek
beren bideak egiten dituzten,
non armiarmak bere tranpa
jartzen duen barkamenik gabe.
Zerutik gertu zuloak daude
zure bihotza bezain beltzak,
zerutik gertu ez dira entzuten albisteak
beren odol putzuekin.
Gaizki egoten da zerutik gertu,
ez, nik ez dut zerutik gertu egon nahi,
hemen egon nahi dut, lurrean etzanda,
bere taupadak, amodioak eta miseriak
entzunez,
sagarrondoen loreen zain,
labexomorroen muxu goxoa,
goruntz begira lainoak nola pasatzen diren.
Euria egiten duenean
urak garbi dezan
hildako guztien oroimena,
zerutik begiratzen gaituzten hildakoak,
horiei eskatzen baitiet
lasai utz nazaten,
zerutik urrun.