Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
|
Artikulua
Segurtasunaren konformitate antzuaz
(…) Egunotan lan-oposizio askoren berri izan dugu. Hedabideek elkarrizketatzen dituzten oposiziogile gutxi entzuten da esaten «betidanik nahi nuen izan erizain», «irakasle izatea da nire bokazioa», «zerbitu publikoaren zale amorratua naiz»… Aitzitik, entzuten dena da bizitza segurtatua nahi dutelako izan nahi dutela, ez irakasle edo erizain, baizik funtzionario. Beldurra nagusi, trenpua ez daukagu ausardietarako, kikilduta gaude, gure baitak gorabeherarik gabeko segurtasuna du amets.
Ai, baina! Segurtasunak konformitatea dakar. Konformitateak, munduari begiratzeko modu etsi edo bezatu edo konplizea. Batera zein bestera, mundua aldatzeko borondaterik eza.
Kontrara: eskalatzaileak —muturrera daramat metafora— istripu bat izateko beldurrez biziko balira, hurbilago leudeke hormatik erortzetik, porrotetik. Hala da. Baina bizitzaren alor guztietan mundua hobetzeko benetako konpromisoaren parte inportantea da arriskuaren kontzientzia sortzailea.