VI. Mintzanet Sariak banatu ditugu Durangon

Alberto Elejaldek, Igone Leonek eta Maider Olarrak jaso dituzte 2019ko Bidelagun eta Bidelari Onenen oroigarriak, baita urteko Aipamen Berezia ere.

Azaroaren 24an banatu genituen VI. Mintzanet Sariak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, egitasmoaren zutabe diren bidelariak eta bidelagunak bildu ziren, eta jarraian, guztiok elkarrekin bazkaldu genuen.

Ima Garrastatxu, Durangoko alkateak, ongietorria eman zien ekitaldira hurbildutakoei eta Mintzanet Eguna bertan antolatzea herriarentzat berri pozgarria zela aitortu zuen. Herriko Jaizale txistularien doinuen ondoren, Ritxi Lizartza, proiektuaren arduradunak, hartu zuen hitza eta Mintzanetek zazpi urtean izan duen ibilbide oparoa azpimarratu zuen: “Oso pozik gaude gaur hemen egoteagatik eta zuen guztien babesa izateagatik”.

Aurten, Alberto Elejalde gasteiztarra izan da Bidelagun Onena. “Alberto aspalditik bizi da Gernikan eta urte asko daramatza Vanesa Alcega Cortesko (Nafarroako Erribera) bidelariari euskara praktikatzen laguntzen”, esan zuen Cristina Tapia, Mintzaneteko koordinazio taldeko kideak.

Bidelari Onenaren saria, berriz, Bilbora joan da, Polonian denbora luzez bizi izan den Igone Leonentzat. “Igone Bilbon jaio eta hazi da, baina txikia zenean ez zuen euskara ulertzen. Atzerrian eta etxera itzultzean, euskara mantentzeko egindako esfortzuagatik irabazi du saria”, esan zuen Ainara Loiarte, Mintzaneteko koordinazio taldeko kideak.

Aipamen Berezia saria Baden-Badenen (Alemania) bizi den Maider Olarra donostiarrarentzat izan da.  Maiderrek hasieratik izan du proposatutako guztian parte hartzeko grina eta ilusio horrekin laguntzen dio euskara praktikatzen Lurdes Alonso bermeotarrari.

Gainera, Marisa Barrena bidelagunak (Durango, 1951) Buenos Aireseko Mariana Granderen (1981) arbasoei buruz hitz egin zuen. Doleres Municha bertan jaio zen 1914. urtean. Agian, berak emandako datuekin informazio gehiago lortuko dugu.

Ekitaldiari amaiera emateko, Erika Lagoma bertsolariaren eta Aritz Larsaguren eta Ixone Aroma dantzarien partaidetza izan genuen. Ondoren, bertara bildu ziren guztiek Plateruenako menu goxoa dastatu zuten eta, Ander Etxebarria soinujolearen laguntzaz, kantuan igaro zuten bazkalostea.

Igone Leon (Bidelari Onena) eta Maialen Goñi (bidelaguna)
Vanesa Alcega (bidelaria) eta Alberto Elejalde (Bidelagun Onena)
Maider Olarra (Aipamen Berezia)
Marisa Barrena (bidelaguna)
Familia argazkia

You Might Also Like

One thought on “VI. Mintzanet Sariak banatu ditugu Durangon

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude