Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen |
Omen/ei eta bide partikulak sinonimo gisa erabiltzen ditugu sarri askotan, baina, antzekoak izan arren, badago aldea. Beraz, azter ditzagun bien arteko ñabardurak. Ei partikula bizkaieraz erabiltzen da. Esate baterako: · Emakume hori Baionan omen/ei dago. [norbaiti entzundakoa] · Emakume hori Baionan bide dago. [gure kabuz diogu] Omen/ei partikulen bidez aditzera ematen da beste iturri batzuetatik datorrela informazioa; eta bide partikularen bidez, aldiz, norberaren ustea dela. Honela azaltzen da Euskaltzaindiaren EGLU II liburuan: a) omen, ei: Esaten duguna besteri entzun diogula eta, beraz, ziurtasun-neurria haren bizkar uzten dugula. Gauza bera perifrasi luzeagoez ere adierazi liteke: · omen, ei: entzun dudanez, esaten dutenez… · bide: dirudienez, itxura denez… Informazio osagarria Euskaltzaindiaren EGLU II (501.-516. or.) |
Artikulua
(…) Baina Atenasera noan bakoitzean, badago izugarri hunkitzen nauen errealitate ez hain ezkutua. Panepestimio plazan, unibertsitatearen aurreko enparantza nagusian, Alexis Tsiprasek bere lehen garaipena ospatu zuen 2015ean. Metro geltoki nagusiaren inguruan, sartu-irten etengabean ari dira ikasleak. Eraikineko ateak turistez gainezka daude. Bideokamerarekin irudi batzuk hartu eta, bat-batean, izkina bati erreparatu diot. Hainbat gazte ilara egiten daude. Kamiseta igo, sabeleko haragia tolestu eta bertan sartzen dute xiringa. Erritu bat dirudi. Isil-isilik, bakoitzaren txanda noiz iritsiko den itxaroten ari dira denak. Alde batetik bestera dabiltzan herritarrek ez diete jaramonik ere egiten. Ez dakit nor dagoen narkotizatuago, droga injektatu duen gaztea edo aurrean daukan gorbatadun enpresaria. Une batean, halere, jonki batek aurrera begiratu eta nire begiradarekin topo egin du. Begi galduak dira, gorri samarrak. Handituta daude. Ez dakit zer pensatu duen, baina hari begira geratu naiz burua berriz ere jeitsi duen arte. Gazteen ilararen aurrean, xiringez beteriko beste ilara paraleloa sortu da. 2008an eztanda egin zuen krisiaren aurretik kokaina dibertitzeko kontsumitzen zuten pertsona asko, agian? Azken urteak hain izan dira suntsitzaileak, “austeritatearen droga” ere asmatu dela. Sisa du izena eta pobreen kokaina ere deitzen diote askok. Funtsean, metanfetamina da eta gramo batek 2 euro balio du. Krisiaren gogortasuna, drogen kontsumoaren gorakada eta etxegabeen kopuru handia oso erlazionatuta daudela ikusteko ez da estatistikarik behar. Etorri Atenasera. Ane Irazabalen podcasta. |
Itzultzaile neuronala
https://www.euskadi.eus/itzultzaile-automatikoak/
Sarean daukagu euskara<>gaztelania itzultzaile neuronala.
Oraingoz, beta bertsioa da eta jendeak probatzea nahi genuke. Horren ostean, bertsio gehiago etorriko dira, bertsio egonkorra utzi arte.
Orain jarritako itzultzailea TESTU OROKORRAK itzultzeko da. Aurrerago, laster, testu administratiboak itzultzeko itzultzaile neuronala jarriko da eta erabilera mugatua izango du.
Kontuan izan behar dugu makina batek egindako itzulpena BETI gainbegiratu behar dela eta zuzendu behar dela. Laguntza-tresna da eta laguntza-tresna moduan erabili behar dugu. Beste hizkuntzetako itzultzaileren bat erabili duenak badaki nola erabili horrelako tresna bat. Orain arte egondako sistemekiko aldea da neuronalek, itxuraz, testu koherenteak eta irakurtzeko errazak ematen dituztela. Baina, KONTUZ, batzuetan akatsak egiten dituzte, edo testu-zatiak jan edo jatorrizkoan ez dagoen zerbait asmatu egiten dute. Beraz, arretaz gainbegiratu behar da makinak egindako itzulpena, are gehiago post-edizioa eta argitalpena egingo bada. Ah, oso inportantea: jatorrizko testua ONDO idatzita egon behar da. Horren ezean, ezinezkoa izango da makinak itzulpena ondo egitea.
Hizkuntza Politika
Kultura eta Hizkuntza Politika Saila